Enplegu suntsiketak «hondoa jo» duela dio Euskadiko Kutxak

Krisiaren unerik latzena igaro dela esan dute, eta, 2010ean, EAEko BPGak %0,08 eta Nafarroakoak %0,28 atzera egingo duela

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Urrun daude oraindik Hego Eukal Herrian lanpostu berriak sortzea ahalbidetuko duten baldintzak, baina, oraingoz, enplegu suntsiketak «hondoa jo» du. Hala esan zuen atzo Joseba Madariaga Euskadiko Kutxako ikerketa bulegoko arduradunak. Finantza erakundeak eginiko aurreikuspenen arabera, 2010ean langabeziaren hazkundea eten egingo da, eta, urte bukaerarako, langabezia tasa %11koa izango da EAEn eta %10,5ekoa Nafarroan, oraingoaren antzekoa, alegia.

Langabezia bezala, Hegoaldeko ekonomiaren hazkunde negatiboa ere amaituko da urte berrian. Finantza erakundeak plazaratutako txostenaren arabera, «zerotik gertuko hazkundea» izango dute 2010eko bukaerarako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %0,08 egingo du atzera barne produktu gordinak (BPG), eta, Nafarroan, berriz, %0,28 eroriko da. 2009a, hurrenez hurren, %3,51ko eta %2,60ko atzeraldiarekin amaituko dela diote.

Nazioarteko ekonomiari begira, «krisia amaitutzat emateko goizegi» dela baina, hala ere, seinale baikorrak daudela esan zuen Madariagak. Frantzia, Alemania eta gisako herrialdeetan ematen hasi den hazkundetik urrun daude EAEko eta Nafarroako ekonomiak, Espainiakoren gainetik badaude ere. Atzeraldiari dagokionez, edonola, «krisiaren unerik latzena pasatu» dela uste du.

Datorren urtean administrazioek hartuko dituzten erabakien garrantziaz ohartarazi zuen Euskadiko Kutxako adituak. Izan ere, zerga politikak, BEZaren igoerak bereziki, kontsumoan «eragin ezkorra» izango du. Nazioarteko finantza erakundeak diruaren prezioaren inguruan hartutako erabakiak, aldiz, eraginkorrak izan direla uste du.

Datozen hilabeteetan, halaber, Europako Banku Zentralak egungo interes tasei eutsiko diela aurreikusi zuen Elias Atutxa Euskadiko Kutxako zuzendari nagusiak. Aldaketarik izatekotan, 2010 bukaeran edo 2011ren hasieran izango direla gaineratu zuen.

Finantzen «mapa berria»

Finantzen krisia gainditutzat eman zuten arren, sektoreak «errealitatera egokitzeko» prozesua hasi beharko duela nabarmendu zuen Atutxak. Esan zuenez, hurrengo bizpahiru urteetan bat-egiteak gertatuko dira, eta finantzen «mapa berria marraztuko» dute.

Euskal kutxen egoera, aldiz, «indartsua» dela esan zuten atzo, kaudimenari dagokionez, Espainiakoen hamar onenen artean daudela. Euskadiko Kutxa sailkapenaren hirugarren postuan dago. Finantza erakundeak iazko emaitzei eutsiko die aurten. Aurreratu zutenez, %1eko hazkundea izatea espero dute.

Berankortasun tasa, urte bukaerarako, %3,07 inguran izango du Euskadiko Kutxak, sektorearen batez bestekoa %6tik gora dagoenean. Atutxak esan zuenez, berankortasuna %7ra ere helduko da 2010ean.



Finantzak arautzean konkurrentzia babestu behar dela dio BBVAk

Munduko ekonomia berreskuratzen hasia bada ere, «ziurgabetasuna oraindik handia» dela ohartarazi zuen atzo Angel Cano BBVAko kontseilari nagusiak. Club Financiero de Bilbao sozietateak gonbidatuta, finantza sektorearen eraldatzeaz hitz egin zuen.

Etorkizunean arau gogorragoak espero dituela eta sektore indartsua sortzeko merkatua egokitu beharra dagoela esan zuen Goirigolzarriren ordezkoak. Finantza sistema arautzeko erreformetan, edonola ere, konkurrentzia errespetatzeari funtsezkoa iritzi zion.

Zuzentzen duen erakundeari buruz, berriz, «osasuntsu» dabilela eta BBVAren egoitza Bilbotik eramateko asmorik ez dagoela ziurtatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.