Eusko Legebiltzarrak Enplegu Legea onartu du, Euko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien aldeko botoarekin (EAJ eta PSE-EE) eta Elkarrekin Podemos-IU eta PPren abstentzioarekin. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta gogoratu du legeak kalte egingo diola Lanbideri. Izan ere, lege berriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enplegu zerbitzu publikoa eraldatu nahi du, orain arte emateko gai izan ez den zerbitzu bat eskaintzeko; hots, langabeen eta enpresen arteko bitartekaritza egiteko.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen legealdiko ekinaldi garrantzitsuena da legea, eta hark eman ditu xehetasunak osoko bilkuran. Mendiak adierazi duenez, legeak autogobernua garatuko du, enplegu politika aktiboen eskumena jaso eta hamahiru urtera, lehen aldiz «lan duina» arautu eta lan politika aktiboak jasotzeko eskubidea aitortuko dielako langabeei.
Hala, langabeei arreta pertsonalizatua emango die Lanbidek aurrerantzean, eta, horretarako, guztiz aldatuko du erakundeen eta enpresen arteko sarea, bai eta gobernantza eredua ere: leihatila bakarra izango da herrialde bakoitzean, ahalik eta lan eskaintza gehien bateratuko lukeen zerrenda bakar batekin. Aldundiak eta udalak ere enplegu sare horretan txertatuko dira —herri mailako enplegu planak egin beharko dituzte—, urteetako «lege hutsunea» beteta.
Gerta liteke, ordea, poltsa horretan lan eskaintza guztiak ez jasotzea, erakunde pribatuentzat eta enpresentzat ez baita nahitaezkoa izango beren lan eskaintzen berri ematea. Mendiak azpimarratu du, dena den, «ikuspegi osoa» duela legeak, eta baliagarria izango dela eskubideetan «aurrera egiteko» eta Lanbideren zerbitzu publikoa «indartzeko».
Legeak beste bi berritasun ere baditu, eta horiei ere beren-beregi egin die aipamena Mendiak, oposizioaren kritikak entzun aurretik. Lanbidek erakunde autonomo izateari utziko dio, eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtuko da. Lehendakariordeak zehaztu du izaera juridikoaren aldaketak ez duela pribatizazioa erraztuko, eta Lanbidek ez diola ihes egingo legebiltzarraren kontrolari.
Halaber, kooperatibek administrazio kontseiluan egoteko duten aukerari buruzko aipamena nabarmendu Mendiak, eta azpimarratu du «ateak irekiko dizkiela» lehen aldiz. Adierazi du patronalaren eta Konfekoopen arteko akordioa erdiesten saiatu zela legearen tramitazioan, baina ezin zela «zain egon».
Legea, «herren»
Oposizioa ez dator bat, ordea, eta gogor egin du erabaki horien kontra. Pazis Garcia EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, Lanbideren izaera juridikoa ez dago justifikatuta, eta kooperatibei ez die bermatuko parte hartzea. Garciak esan du, era berean, legea «herren eta iraungitze datarekin» jaioko dela, ez duelako arautuko enplegu politika pasiboen eskumena —gaur-gaurkoz, Jaurlaritzak ez du eskumen hori, baina EAJk eta PSOEk eskumenen transferentziei buruz egindako akordioaren arabera, datozen bi urteetan jaso beharko luke—.
Elkarrekin Podemosek baleko zumeak ikusten dizkio legeari, baina legebiltzarrean «ibilbidea» falta duela gaitzetsi du. Jon Hernandez legebiltzarkideak salatu du Jaurlaritzak «presaka» onartu duela legea eta, ondorioz, hutsuneak dituela. Zerbitzuak «esternalizatzeko» aukera erraztuko duela ere ohartarazi du Hernandezek: «Lanbide pribatizatzeko arriskua ere badago».
PPk ere hutsuneak ikusten dizkio legeari. «Asko du hobetzeko oraindik», esan du Laura Garridok. Eta Lanbideren izaera juridikoaren aldaketa EAJren «iritzi aldaketari» egotzi dio, 2011n Lanbide erakunde autonomiaduna izatea onetsi baitzuen.
EAJk eta PSE-EEk, berriz, legearen garrantzia azpimarratu dute. Jon Aiartzak nabarmendu du aukera bermatuko duela lan merkatuak eskatzen duen malgutasunari erantzuteko eta kooperatibek administrazio kontseiluan parte hartzeko. Ekain Rico sozialistaren ustez, legea ona izango langileentzat. Ciudadanosek ez du parte hartu eztabaidan.
GAKOAK
- LAN DUINA. Langabezia saria galdu gabe eskaintza bati uko egiteko aukera jasotzen du lehen aldiz, lan hori «duina» ez dela argudiatzeko arrazoiak zerrendatuta.
- ARRETA PERTSONALIZATUA. Lana bilatzeko politika aktiboen eskubidea aitortzen zaie langabeei; horiek horrela, soslai zehatz bat egin beharko die Lanbidek hiru hilabeteko epean.
- ENPLEGU SAREA. Lan eskaintza guztiak poltsa berean zentralizatuko ditu Lanbidek. Erakunde publiko eta pribatuek egiten dituzten lan eskaintzak batuko dira hor.
- ENPRESAK ETA UDALAK. Enpresentzat borondatezkoa izango da Lanbideri lan eskaintzen berri ematea. Bestalde, 10.000 biztanletik gorako udal guztiek enplegu planak egin beharko dituzte.
LANBIDEREN IZAERA. Lanbideren izaera juridikoa aldatu egingo da, eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoa izango da aurrerantzean.
KOOPERATIBAK. Lanbideren administrazio kontseiluan ordezkaritza izateko aukera jasotzen du. Ez du guztiz bermatzen, dena den: beste enpresa erakundeekin «akordioak egitea sustatuko» dela dio legeak.