Defizita txikitzeari lehentasuna emateak Europa berriro atzeraldian jarri duela ohartarazita, hazkunde ekonomikoaz eta enpleguaz ere hitz egiteko prest azaldu dira orain Angela Merkel Alemaniako gobernuburua eta Nicolas Sarkozy Frantziako Errepublikako presidentea. Atzo ziurtatu zutenez, hilaren 30ean EBk egingo duen goi bileran zenbait proposamen aurkeztuko dituzte eurogunea hazkundearen bidean jartzeko eta horren bidez lanpostuak sortzeko. Finantza operazioen gainean tasa bat ezartzeko aukera ere mahai gainean izango da, baina aurrera egingo ote duen ez dago garbi.
«Ohartzen gara hazkundeak eta enpleguak lehentasuna izan behar dutela», esan zuen atzo Sarkozyk, Berlingo kantzilertzaren egoitzan Merkelekin bi orduz bildu ondorengo prentsaurrean. Frantziako presidenteak zehaztu zuen proposamen bateratuak aurkeztuko dituztela.
«Bigarren zutabea»
Orain arte, Merkel-Sarkozy bikoteak austeritateari eman dio lehentasuna, Alemaniako gobernuburuaren bultzadari esker, batez ere. Kosta ahala kosta aurrekontuak doitzea eta defizitak gutxitzea izan da helburu nagusia, nahiz eta politika horrek hazteko pizgarriak kendu dizkion ekonomiari, Nazioarteko Diru Funtsak berak behin baino gehiagotan ohartarazi duenez.
Behin ikusita euroguneko herrialde gehienek diziplina fiskala ontzat hartu dutela, Merkel prest dago orain eurogunea krisitik ateratzeko «bigarren zutabea» bultzatzearekin. Berez, Alemaniak ez du besteen adinako arazorik langabeziarekin, baina aurten hazkundea moteltzea espero duenez, oso litekeena da han ere lan merkatuaren zenbakiek okerrera egitea.
Merkelek eta Sarkozyk ez dute argitu zein neurri sorta aurkeztuko dituzten, baina zenbait ildo aurreratu ditu Frantziako lehen ministroak, François Fillonek: «Egiturazko funtsak baliatzea enpresen finantzaketa arazoeiaurre egiteko, kapital-arriskuko funts europarra bizkor sortzea, eta berrikuntzarekin eta ikerkuntzarekin lotutako EBren politikoak nabarmen sinplifikatzea». Halaber nahi du Parisek patente europarrak sortzea eta haien funts komun bat sortzea.
Enpleguari eta hazkundeari buruzko neurriak iritsi aurretik etorriko da euroguneko herrialdeak —eta harekin bat egin nahi dutenak— diziplina fiskalera lotuko dituen ituna. Merkelek eta Sarkozyk atzo esan zutenez, itun fiskal horretarako negoziazioak «erritmo onean» doaz eta agian hilaren 30ko bilerarako prest egongo dira. Hala balitz, martxo hasierarako izenpetuta egongo litzateke.
Itun horrek isun gogorrak ezarriko dizkie defizit mugak gainditzen dituzten estatukideei, eta behartuko ditu aurrekontuen oreka beren konstituzioetan sar dezaten, Alemaniak egin duenaren antzera. Espainia izan da Alemaniaren bidea jarraitzen lehenetarikoa, baina artean lege baten bidez zehaztu behar du zer muga jarriko dizkion defizitari, eta zein zati egokituko zaion administrazioaren maila bakoitzari.
Finantza operazioen zerga
Atzoko bileran ere, finantza operazioen gaineko tasari buruz aritu ziren Sarkozy eta Merkel. Gai horretan Frantziako lehendakariak egiten du akuilu lana; alde dagoen arren, zuhurrago jokatzen du Alemaniak. Zerga sortuko dutela esan dute Sarkozyk eta Merkelek, baina ez dira ados jartzen noiz eta nola egingo duten.
Sarkozyk nabarmendu du prest dagoela zerga berak bakarrik ezartzeko, uste baitu hori eginda euroguneko beste herrialdeek jarraituko dutela lehenik, eta munduko beste batzuek ondoren. «Etsenplurik ematen ez badugu, ez da egingo. Behin eurogunean tasa ezarrita, munduko gainontzeko herrialdeek jarraitu egingo diote. Iritzi publikoek galdetuko dute zergatik haien bankuek ez duten eurogunea sortzeko gai izan den tasa ezarri». Sarkozyren asmoa da Europako Batzordearen proposamena aplikatzea. Hau da, 2014etik aurrera operazioaren %0,1eko zerga pagatzea EBri akzioen edo bonuen salerosketa bakoitzak, eta %0,01ekoa produktu deribatuekin egindakoak.
«Frantziak arrazoi du esatean behingoz zer edo zer egin behar dela», adierazi du Merkelek, baina martxora arte itxaron nahi du, ikusteko posible ote den Europako Batasun osoan ezartzea. Zaila edo ezinezkoa izango zaio, ordea, Erresuma Batuaren oposizioa gainditzea. Igande honetan berriro gogorarazi du David Cameronek ez duela onartuko EB osoan finantza operazioen gaineko tasa ezartzea. Cameronek uste du zerga horrek Londresko Cityri kalte handia egingo liokeela, hainbat finantza operadore tasarik gabeko leku batera alde egingo luketelako. Suedia, Txekiar Errepublika, Malta, Zipre eta Bulgariaren sostengua du Londresek. Alemania eta Frantziaren taldean daude Austria, Eslovenia, Belgika, Espainia, Finlandia eta Grezia.Besteek ez dute artean iritzi garbirik adierazi.
Europako Batasuna. Goi-bilera prestatzen
Enplegua ere, mahai gainera
Berriz hazkundea izateko eta lanpostuak sortzeko proposamen sorta bat aurkeztuko dute Merkelek eta Sarkozyk hilaren 30eanFinantza operazioen gaineko zerga nahi dute biek, baina nola egingo duten ez dute adostu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu