Enplegua eta hazkuntza izango dira Barrosoren lehentasunak

«Europaren gaitasun ekonomiko izugarria askatzeko» plana aurkeztu du

Erredakzioa
2005eko otsailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Europak hobeto egin behar ditu gauzak», esan zuen atzo Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidente berriak. Hori bai, gauzak hobeto egiteko zereginean lehentasunak ikerketa, enplegua eta hazkuntza dira Bruselarentzat, eta gizarte politika zein ingurumeneko helburuak atzerago gelditzen dira. «Hiru seme ditut nik eta Batzordeko presidente eta Lisboako Estrategiaren arduradun nagusi bezala ere hiru seme ditut: ekonomia, agenda soziala eta ingurumena. Edozein aita modernok bezala, nire semeetako bat gaixotuz gero, prest nago beste guztia utzi eta hartaz arduratzeko sendatu artean; eta horrek ez du esan nahi besteak gutxiago maite ditudanik», esan zuen. Bere lehentasunen erakusgarri da baita kimika industrian ingurumen kontrol gehiago egiteko lege zirriborroa atzera aztertzeko hartu duen konpromisoa, «lehiakortasunaren arloan beharrezko ez diren arazoak sortzea saihesteko».

Europa 2010. urterako munduko ekonomia lehiakorrena bihurtzeko Lisboako Estrategiak zuen helburua baztertuta AEB, Txina edo Indiarekiko lehiakortasunik galtzeko neurriak proposatu ditu, «Europaren gaitasun ekonomiko izugarria askatzeko». Besteak beste, Batasuneko herrialde bakoitzean Mr. Lisboa moduko bat izendatzea proposatzen du, eta herrialde bakoitzak bere hazkuntza plana ezartzea. Zerbitzuen sektorea ere liberalizatu nahi du Durao Barrosok. Ikerketaren alorrean, berriz, inbertsio helburuak ezartzeaz gain, AEBetako «Massachusetts Institute of Technology bezalako» punta-puntako erakunde bat, gutxienez, beharrezko ikusten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.