Greba EAEko funtzio publikoan

Enplegua eta soldatak «hemen adosteko» exijitu dute sindikatuek

Grebaren deitzaileek ontzat jo dute ekinaldia. Hiriburuetako manifestazioetan 30.000 beharginek baino gehiagok hartu dute parte

Langile publikoen manifestazioa atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba eguna izan zuten atzo. Sindikatuen arabera, «oso zabala» izan zen lanuztearen erantzuna. «Pozik gaude erantzunarekin», nabarmendu zuen Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak, Bilboko manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan. Eizagirrek erakundeei leporatu zien egoera aldatu nahi ez izatea: «Horren adibide argia da azken mahai orokorrean gertatutakoa: Eusko Jaurlaritzak esan zuen Madrilek erabakitzen duena aplikatzen jarraituko duela». Hori dela eta, zerbitzu publikoen «enplegua eta soldatak hemen adostu» behar direla esan zuen.

ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek eguerdian antolatu zituzten manifestazioak, eta 30.000 langilek baino gehiagok hartu zuten parte: Donostian 10.000, Gasteizen 6.000 eta Bilbon 15.000 beharginek baino gehiagok. Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan bildu ziren manifestariak, eta Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu! lelopean abiatu zuten protesta. Kale Nagusian zehar hainbat aldarri entzun ahal izan ziren; besteak beste, Zerbitzu publikoak indartu, Hemen lan egin hemen erabaki eta Borroka da bide bakarra oihuen artean egin zuten ibilbide osoa.

«Ez gara aldarri populistak egiten ari, errealitate bat da, eta hala erakutsi dute manifestazioek», esan zuen Eizagirrek. Eta aldaketa baten beharra nabarmendu zuen: «Erakundeei eskatu nahi diegu behingoz politika neoliberalak aldatzeko; zerbitzu publikoak hemen adostu behar ditugu, zerbitzu publiko unibertsalak, inpartzialak eta justuak gizartearentzat ezinbestekoak direlako».

Sektore publikoko hainbat arlotako langileek hartu zuten parte Bizkaiko hiriburuko manifestazioan. Lanbidea pribatizatzearen kontrako kartelak eraman zituzten behargin batzuek. Beste batzuek, berriz, hezkuntza publikoa «ez zapaltzeko» exijitu zuten pankarta batekin. Osakidetzako Langileen Sareak ere protesta egin zuen, Osakidetzak erabiltzen dituen «iruzur hitzak» salatuz. Manifestazioan zehar, «Osakipresoak» zirela oihukatu zuten. Osasun sistema publikoaren lehen arretak bere zutabea antolatu zuen. Moyua plazan, gainera, hainbat egun greban daramatzaten Correoseko garbitzaileek gainerako langileak itxaron zituzten; bost hilabete kobratu gabe daramatzatela salatu zuten. Manifestazioko lagunen txaloak jaso zituzten emakumeek.

Udaletxean amaitu zuten manifestazioa. Bertan, sindikatuetako ordezkariek langileak zoriondu zituzten. «Milaka langile publiko bildu gara; egunero ikusten dugu lan baldintzen gainbehera honek zer higadura eragiten duen lan egiten dugun zerbitzu publikoetan; ikusi eta pairatu egiten dugu». Gogoratu zuten abenduaren 19rako ere greba deialdia egin dutela: «Gaurkoa bikoiztu behar dugu; gure eskaerei erantzungo dieten erabakiak hartzen ez badituzte, kalean izango gaituzte». Eta greba feminista orokorrerako deia ere egin zuten: «Azaroaren 30ean hitzordu bat daukagu».

«Kontrako bidean»

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak Iñigo Urkullu lehendakariari leporatu zion «autobidean kontrako noranzkoan doan gidaria» izatea. Eta Eizagirrerekin bat egin zuen: «Norabidez aldatu dadila esan nahi diogu; eser dadila eta negoziatu dezala hemen». Hezkuntza, gizarte segurantza eta osasungintza «indartzeaz» gain, «zaintza sistema publiko komunitarioa» ezarri behar dela esan zuen. «Euskal Herrian badago aberastasun nahikoa hori egiteko, arazoa da patronalari eta eliteei mesede egiten dien politika fiskal bat dugula; hori aldatu ezean, ez da modurik egongo behar besteko garapena izateko».

Era berean, Iñigo Garduño EAEko CCOOren arlo publikoaren koordinatzaileak esan zuen erakundeek «apustu gogorra» egin behar dutela, zerbitzu publikoetan «baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak» izateko: «Kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.