Enplegua: zortzi urte atzera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 26.000 lanpostu galdu dira azken urtean, eta 2004ko kopuruetara itzuli da enpleguaEkonomia %0,4 apaldu da uztailetik irailera, eta urtebete darama atzera egiten

Ivan Santamaria.
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Urtebete darama ekonomiak apaltzen Hego Euskal Herrian. Atzeraldiak bere hartan jarraitzen du, eta enpleguan ari da kobratzen fakturarik garestiena. Eustatek argitaratzen dituen kontu ekonomikoen arabera, 26.000 lanpostu galdu dira azken urtean, eta 6.600 azken hiruhilekoan. Krisiaren ondoren ibili beharreko bidea luzea izango da. Enpleguan zortzi urte egin dira atzera. Alegia, 2004. urtean zuten enplegu kopurura itzuli dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

Barne produktu gordina kalkulatzeaz gain, kontu ekonomikoek enplegua ere neurtzen dute, ekonomia batek dituen lanpostu kopuru osoa eta horren banaketa aintzat hartuta. Gutxiago erabiltzen den aldagaia da, baina ongi islatzen du krisi batek lan arloan dituen ondorioak, eta nahiko irudi fidagarria eskaintzen du. Kalkulu horren arabera, gaur egun 942.000 lanpostu inguru daude, 2004. urteko udaberrian zegoen zenbateko ia berdina.

Segida historikoek lanpostu kopuruaren etengabeko gorakada agerian uzten dute 1997. eta 2008. urteen artean. Hazkunde ikusgarria izan zen, %40 handitu baitzen enplegatu kopurua: 296.000 pertsona gehiago lanean. Milioi bat lanpostutik gora zituen ekonomiak, eta patronalak eskulan faltari buruzko lehen abisuak ematen hasi ziren.

Orduan, ia bat-batean, makina gelditu egin zen, eta lanpostu galerak abiada hartu zuen. Kopuru orokorrak aintzat hartuta, 76.000 lanpostu galdu dira krisia hasi zenetik (%8 inguru). Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak lau urtean sortutako enplegu kapital osoa ezabatu du azken lau urteotako atzeraldi bikoitzak.

Eraikuntza eta industria

Enpleguaren txikitze orokorra datu txarra da, berez. Haatik, beste interpretazio kezkagarri batzuk estaltzen ditu, galera ez baita berdina izan sektore guztietan. Eraikuntzak eta industriak kolpe gordina jaso dute: galera osoa horietan jazo da. Industriaren kasua esanguratsua da. Askotan nabarmendu da bigarren sektorearen indarrari esker atzeraldiak eta langabezia arinagoak izan ohi direla Hego Euskal Herrian. Izan ere, barne produktu gordinaren laurden bat inguru da industriaren ekarpena. Espainian, berriz, ez da %15etik pasatzen. Baina industriak indarra galdu du. Sektoreko okupazioa %20 jaitsi da. Zenbaki biribiletan, 45.000 langile galdu ditu industriak EAEn.

Murrizterik handiena, espero zitekeen bezala, eraikuntzari dagokio. Etxebizitzaren burbuila urruneko zerbait balitz bezala hartu izan bada ere, errealitatea da eraikuntzan 100.000 langile baino gehiago ere aritu zirela,lanpostuen %10etik gora. 1997. eta 2008. urteen artean, eraikuntzari lotutako lanpostuak bikoiztu ziren. Burbuilak eztanda egin eta krisia piztu zenetik, lanpostu horien %30 desagertu dira.

Horren guztiaren ondorioz, sektore bakoitzak enpleguan— eta ekonomian — duen pisua aldatu egin da. Zerbitzuak dira enpleguari eutsi dioten bakarrak. Krisia hasi zen garaietan bezainbeste langile dituzte. Gaur egun, ehun lanpostutik 68 zerbitzu sektorekoak dira, orain dela hamar urte baino zazpi gehiago. Enpleguaren banaketanizan den aldaketa horri buruz beste ondorio bat ere atera liteke, merkatuko zerbitzuetan sortzen diren lanpostuek prekarietate handiagoa eta ordain eskasagoak izan ohi dituztelako, industriakoekin alderatuta, besteak beste.

Atzeraldian urtebete

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak urteko hirugarren hiruhilekoan ekonomiak izan zuen garapenari buruzko datu aurreratua jakinarazi zuen atzo. Hain zuzen ere, %0,4 jaitsi zen barne produktu gordina, apiriletik ekainera izan zuen jaitsieraren pareko emaitza. Urte arteko tasan, berriz, ekonomiak %1,3 egin zuen atzera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino arinagoa izan zen jaitsiera —%1,6 espero zuen—. Nafarroan, %1,6 apaldu zen BPGa uztailetik irailera.

Hirugarren hiruhileko kontu ekonomikoei buruzko xehetasun guztiak datorren asteazkenean argitaratuko ditu Eustatek. Atzo, joera nagusiak zeintzuk izan diren iragarri zuen. Nekazaritza eta arrantza izan ezik, sektore guztien ekarpena murriztu zen. 2009. urteko azken hiruhilekotik lehen aldiz, zerbitzuen ekarpena negatiboa izan zen, merkatukoak ez diren zerbitzuak uzkurtu direlako. Administrazio publikoei lotutako zerbitzu horietan gastu murrizketa etengabeen zama nabaritzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.