Enpresa gehiago ixten ari dira

Arratsaldean itxi dituzte Sidenor eta Tubacex, langile batzordeek hala eskatuta.

Behargin bat, lantegi batera iristen. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 17a
17:08
Entzun

Geroz eta enpresa gehiago ixten ari dira Euskal Herrian, eta, horrekin batera, aldi baterako lan erregulazio txostenak ugaritzen. Erabaki hori hartu dute gaur goizean Aernovak Berantevillan duen plantan —450 langile— eta Tubos Reunidosek Trapagaranen eta Amurrion dituen fabriketan —1.000 langile inguru bien artean—. Sidenor altzairutegiak, berriz, arratsaldean itxi ditu Basauriko fabrikako ateak (Bizkaia), langile batzordeak hala eskatuta. Presio horrek berak eragin du Tubacexek bere fabrikak ixtea, Amurrion eta Laudion (Araba).

Tubos Reunidosen ez dute zehaztu noiz arte egongo den itxita lantegia, baina jakinarazi dute erabakiak lan erregulazio txosten baten zabaltzea eragingo duela: langileak langabezian egongo dira, Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiaren harira zehaztu dituen baldintzetan.

Berantevillako Aernovaren plantan, berriz, astelehenera arte gelditzea hitzartu dute; egun horretan berriz bilduko dira langileen ordezkariak eta enpresako buruzagiak aurrera begirako erabaki bat hartzeko. Langileek gaur eginiko protesta baten ondoren erabaki du zuzendaritzak gelditzea. Astelehenean ziurtatu zuen koronabirusaren arriskuei aurre egiteko neurriak aztertuko zituela, gaitzaren eboluzioa aintzat hartuz. Langileen arabera, enpresak ezarritako neurriak ez ziren nahikoak.

Horixe bera salatu dute Trapagarango Productos Tubulareseko langileek eta ITP Aerok Barakaldon eta Sestaon dituen lantegietako beharginek. Kasu horietan, haiek eten dute euren jarduna, akordiorik gabe, enpresek jarritako segurtasun neurriak eraginkorrak ez zirela salatu ondoren.

ITP Aeroko langileek urrats bat gehiago egin eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzan salatu dute segurtasun falta. Gogoratu dute aurreko astean osasun zerbitzuek agindu zutela hiru langile etxera bidaltzeko berrogeialdia egitera, koronabirusak gaixotu izanaren sintomak zituztelako. Aste bat geroago, hamabi langile daude berrogeialdian, eta batek positibo eman du; gainontzekoak emaitzaren zain daude.

Horiez gain, beste enpresa handi askotan eskatu dute jarduna eteteko. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Tubacexen, Nemarken, Dyfen eta Fudiken Euskal Herriko plantetan. Horren harira, sindikatuak gobernuen jarrera salatu du, eta ezinbestekoak ez diren sektore guztietan jarduera eteteko eskatu du, eta geldialdien ondorioz langileek inolako kalterik izan ez dezatela exijitu du. Enpresei eskatu die  baimen ordainduak emateko, edota, lan erregulazio txostenen kasuan, soldatak %100 izan daitezen bermatzeko, osagarrien bidez.

Erregulazio txostenen ugaritzea

Garbiñe Espejo CCOO Euskadiko Antolakuntza idazkariak adierazi du sindikatuan aldi baterako enplegua erregulatzeko txosten «zaparrada» bat ari direla jasotzen egunotan, «hiru lurraldeetatik eta sektore guztietatik».

Espejok gaineratu duenez, kaleratzeen berri ere izan dute, gehienbat norbanakoenak, eta iragarri du auzitara joko dutela. «Alarma koiuntural batean gaude, aldi baterakoa, denboran iraungo duena, eta, beraz, enpresetan hartu beharreko neurriek aldi baterakoak izan behar dute. Kaleratzeek ez digute balio: neurri mugagabe bat da hori».

Espejok gogorarazi duenez, egungo egoeran enplegua erregulatzeko txosten bat egitea ez da enpresek duten aukera bakarra; gogoratu du beste neurri batzuk ezar ditzaketela, hala nola ordutegi poltsak, lanaldi murrizketak eta egokitzapenak, besteak beste.

Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuak enplegua erregulazio 84 txosten erregistratu ditu astelehen honetan —aurreko ostiralean 11 izan ziren—. Ez dute zehaztu horiek zenbat langileri eragin dieten. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak prentsaurreko batean adierazi duenez, espero dute datozen egunetan kopuru hori nabarmen handitzea, Espainiako Gobernuak jarriko dituen baldintzen arabera. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk, berriz, ez du kopururik eman lan erregulazio txostenen inguruan, argudiatuta Jaurlaritzak ez duela eskumenik gai horretan.

Garraiolariak, baldintza «prekarioetan»

Hiru sindikatuak garraiolarien lana «errazteko» neurriak eskatu ditu. «Egoera prekarioan» lan egitera «behartuta» daudela azpimarratu du, eta beste edozein pertsonak behar dituen «gutxieneko zerbitzuak» —atseden hartzeko eta garbitzeko guneak, jateko tokiak...—, bermatzeko eskatu du, «bizi dugun krisia kontuan izanik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.