Enpresa handiei sozietate zerga %25etik %28ra igoko die Nafarroak

Errenta zergaren tasa urtean 46.000 eurotik gora irabazten dutenei soilik handituko diete, baina kenkarien murrizketen ondorioz herritar gehiagok zerga handiagoak ordainduko dituzte 2016an

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilaria, irailean Parlamentuan egindako agerraldi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tantaka bada ere, Nafarroako Gobernua hasi da zehazten buruan duen zerga erreforma. Urriaren amaieran aurkeztekoa duen proiektuan, Uxue Barkosen gobernuak zerga gehienak ukitu nahi ditu —hamar lege aldatu beharko dituzte—, kasu gehienetan, zergak igotzeko. Sozietate zergan, esaterako, enpresa handiek beren irabazien %28 ordaindu beharko dute, orain baino hiru puntu gehiago. Kenkarien bitartez kopuru hori txikitzeko aukerari eutsiko dioten arren, gutxienez irabazien %13 pagatu beharko dituzte (%10 orain). Sicav eta enpresak sustatzeko elkarteen erregimen bereziak desagertuko dira.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) ere izango dira aldakek. Igoera «oso txikia» izango dela eta errenta handienak dituztenei soilik eragingo diela ziurtatu zuen atzo Mikel Aranburuk Ogasun kontseilariak, Nafarroako Parlamentuan PPren eskariz egindako agerraldian. 46.850 eurotik zerga oinarria dutenei puntu bat igoko diete tasa, eta bi puntu, berriz, 300.000 eurotik gora dutenei (%54ra arte). Guztira, 8.000 lagun.

Baina horiei ez ezik, beste milaka laguni eragingo die erreformak, gutxitu egingo dituelako zerga ordainketa arintzen duten hiru kenkari nagusiak: lanarena, etxebizitzarena eta pentsio planena. Lanaren kenkariari dagokionez, «progresiboagoa» egingo dutela iragarri du Aranburuk eta horren ondorioz, lanaren errendimendutik gehien jasotzen dutenek —12.050 eurotik gora izan dira aurten— 700 eurotik 400era jaitsiko diete kenkaria.

Etxebizitza erosi dutenek jasotzen duten kenkaria ezabatzeko asmoekin jarraitzen du Nafarroako Gobernuak, baina modu progresiboan egingo duela azaldu du Aranburuk. Gaur egun, beren zerga oinarria %15etik %30era arte jaits dezakete 2011ko abenduaren 31ra arte beren ohiko etxebizitza erosi zutenek.

Pentsio planetan egindako ekarpenengatik ere zergak txikitzeko aukerak mugatuko ditu erreforma berriak: gehienez 5.000 euroko ekarpenek jaitsiko dute zerga oinarria (6.000 orain), eta 7.000 eurokoak 55 urtetik gorakoek (8.000 orain).

Ondorengotza zergan, berriz, «gezurrezko uko egiteei» jazarriko zaizkiela iragarri zuen Aranburuk.

«Apur bat motz»

UPN eta PPN kritiko agertu dira zerga erreformarekin. «Azpiegitura handiak geldiaraziko ditu, eta zergak igo», kritikatu zuen UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainek. PPko Ana Beltranen ustez, berriz, erreformak «porrotera» eramango du Nafarroa, eta ez du lortuko zerga bilketa handitzea, «deslokalizazio handi bat baizik».

Gobernua sostengatzen duten lau alderdien babesa jaso zuen Aranburuk. EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, erreforma «apur bat motz» gelditzen da, baina «bide onetik» doa. Geroa Baiko Jokin Castiellak bereziki txalotu zuen errenta handiei zergak igotzea. Erreformari aurre egiten dioten batzuek «enpresek zergarik ez pagatzea» nahi dutela ziurtatu zuen Ezkerrako Jose Miguel Nuinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.