Irungo eta Urnietako ibilgailuei azterketa teknikoa egiteko zerbitzuguneek urte erditik gora daramate itxita, langileen eta enpresaren arteko desadostasunak tarteko. Hilabeteetako negoziazioen ostean, atzo arratsaldean akordioaren aurrekoa sinatzea lortu zuten langileen ordezkariek eta bi guneak kudeatzen dituen TUV Rehinland enpresako zuzendaritzak.
2010 eta 2011rako lan ituna eta bi guneetako langileen soldatak parekatzeko eta atzerapenak ordaintzeko enpresaren konpromisoa jasotzen ditu akordio horrek, besteren artean. Langileen batzarraren oniritzia baino ez da falta akordioa behin-betikoa izan dadin, eta gaur erabakiko du eman ala ez. Langileek atzo hitzartutakoa berresten badute, bihar bertan itzuliko dira lanera.
Lehenbailehen normaltasuna berreskuratzea da orain enpresaren nahia, bi zerbitzuguneak martxa betean lanean jartzea. Akordioaren berri emateko hedabideetara igorri duen oharrean, TUV Rheinlandek barkamena eskatu die bi guneen erabiltzaileei eta oro har gipuzkoar guztiei, sortutako eragozpenengatik. Gatazka konpontzeak lasaitasun handia eman diola adierazi du.
Enpresarekin akordioa lortu dute Urnietako eta Irungo IATetako langileek
Langileen batzarrak adostutakoa berresten badu, bihar bertan hasiko dira lanean bi zerbitzuguneak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu