Enpresaren proposamena onartu dute Michelinen

Lasarte-Orian %60ko babesa izan du proposamenak. 1.500 euroko plusa emango diote langile bakoitzari.

2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
LASARTE. Azkenean baiezkoa atera da Lasarte-Oriako Michelinen, langileen %60ren babesarekin. 300 langilek bozkatu zuten herenegun enpresaren proposamenaren alde, eta 161ek aurka (%32). Hitzarmena berrituta, azken asteetako grebak amaitu dituzte sindikatuek, nahiz eta denak ez dauden pozik: ELAk adierazi du erreferenduma «ez-legitimoa» izan dela, eta hitzarmena ez dela nahikoa. Bestalde, LABek ontzat jo du enpresa negoziatzera behartzea, baina gehitu du hitzarmenak «zapore gazi-gozoa» utzi diola.

2023an, %5 igoko diete soldata langileei, eta 2024an, %3. %2 egingo dute gora 2025ean, eta 2026an beste hainbeste. Horrez gain, proposamena onartzeagatik, 1.500 euroko plus bat jasoko dute langile guztiek. Soldata igoera finko horiez gain, KPI kontsumo prezioen indizearen igoeraren arabera ere egingo dute gora soldatek. 2023an eta 2024an KPIa %8koa edo handiagoa bada, beste %2 igoko dituzte soldatak, eta 2025 eta 2026 urteetan KPIak %4 gainditzen badu, beste %2 igoko dizkiete soldatak.

LABen ustez, positiboa da Michelin negoziatzera bultzatu izana, «hobekuntza batzuk» lortu direlako. Adierazi du ituna hobea dela enpresak hasieran proposatutakoa baino: «Hori dela eta, argi geratu da borrokak merezi duela». Hala ere, Gasteizko lantegia zentroen arteko batzordetik ateratzeko beharra nabarmendu du, langileen lan baldintzak «Euskal Herrian erabakitzeko».

ELAren ustez, hitzarmen berriak ez du konpontzen azken urteetako «pobretzea eta prekaritatea», eta gainerako sindikatuei leporatu die gutxienekoen akordioa urratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.