Enpresetan, antolaketa kontziliazioaren aurretik

Azken hilabeteetan hainbat aldaketa egin dira langileen estatutuan, eta kontziliazio neurriak eskatzen hasi dira beharginak. Enpresen ezezkoak ikusirik, helegiteak jarri dituzte askok.

 JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko apirilaren 20a
05:10
Entzun

Espainiako Gobernuak langileei eragin dieten hainbat neurri hartu ditu azken legegintzaldian: SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera, langileen estatutuaren aldaketa eta lanaldi partzialek egun bat bezala kotizatzea, besteak beste. Ondorioz, aldaketak enpresarien, abokatuen zein sindikalisten ahotan dabiltza. Azken hilabeteetan ordutegien egokitzapenak moldatu ditu, eta horrek are gehiago kolapsatu lehendik ere lanez gainezka zebiltzan epaitegiak.

Berrikuntza horiek kontziliazioagatik lanaldiak egokitzeko aukera ematen dute, eta, arduradunen onespena badute, langileek ordutegiak euren neurrira egokitu ditzakete. Askok, ordea, ezezkoak jaso dituzte, helegiteak jarri dituzte eta epaitegietan bukatu dute. Horrek ezezkoak justifikatzera behartu ditu enpresak. Gehienetan, arrazoia eman diete; izan ere, LABeko idazkaritza juridikoko arduradun Ainhize Muniozgurenek azaldu duenez, helegiteak jarri dituztenek zaintza «beharrizan batzuk» izaten dituzte atzean, eta frogatu egin dituzte. Zaintza eta kontziliazioko arazoak «betidanik» egon direla uste du.

Kontziliazioari dagokionez, epaileek «jarrera ulerkorra» dutela berretsi du ELAko zerbitzu juridikoko koordinatzaile Iratxe Ordorikak. Dioenez, beti egon dira zaintzaren eta kontziliazioaren inguruko kontsultak, eta kasu horietan bi eskubideren arteko talka gertatzen dela esplikatu du: langilearen kontziliazio eskubidearen eta enpresaren antolakuntzarako eskubidearen artekoa. Bi eskubideen artean aldea dagoela dio: kontziliazio eskubidea adingabeen babesarekin lotu du, eta hori oinarrizko eskubidea da; enpresaren antolakuntza, aldiz, ez. 

«Batzuk saiatzen dira langileen eskariei kasu egiten eta ikusten euren antolakuntzarekin bat etor daitekeen ala ez; beste batzuk de facto ezetz esaten dute».

AINHIZE MUNIOZGURENLABeko idazkaritza juridikoko arduraduna

Gisa horretako kasuetan aditua da Irati Aizpurua Alkezar abokatua, eta bat egiten du sindikatuek esandakoarekin. Irudipena du epaitegietatik iristen diren irizpideak langileen aldekoak direla: «Batetik, langileei eskubide gehiago eman dizkieten erreformak egin dituztelako, eta, bestetik, legeak interpretatzeko orduan arreta gehiago jartzen zaielako kasuei».

Helegiteak jartzeak, ordea, enpresekin «tentsioa» sortzen du. Muniozgurenen iritziz, lantegi guztiak ezin dira «zaku berean» sartu. Denetik dago: «Batzuk saiatzen dira langileen eskariei kasu egiten eta ikusten euren antolakuntzarekin bat etor daitekeen ala ez; beste batzuk de facto ezetz esaten dute».

«Enpresa handiek interesatzen ez zaielako ematen dute ezezkoa».

IRATXE ORDORIKAELAko zerbitzu juridikoko koordinatzailea

Aizpuruak dio enpresaren tamaina ez dela adierazgarria, eta erabakia hartu behar duenak kontziliazioari buruz duen ezagutzaren araberakoa dela haren jarrera. Giza baliabideetakoek edo gestoriakoek, batzuetan, ez badute «ondo irakurri edo ondo ikasi», legez dituzten eskubide batzuk ukatzen dizkiete beharginei. Beste batzuetan, langileen estatutua «hobetzen» duten akordio pribatuetara iristen dira.

ELAko Ordorikak, aldiz, uste du enpresa txikien eta handien artean alde handia dagoela. Txikietan antolakuntza arazoak «logikoagoak» direla azaldu du, eta «defendagarriagoak» direla. Handietan, berriz, «interesatzen ez zaielako ematen dute ezezkoa», adierazi du.

Sindikalistak bat datoz enpresek ezezkoak darabiltzaten arrazoi nagusietan. Nagusiki bi dira: batetik, argudiatzen dute lantokian lehenagotik behargin asko dituztela ordutegi murriztuan edo egokituan, eta ezin diotela beste inori eman; eta, bestetik, zera diote, baimena eskatu duen langilearen lana ezin dutela beste inorekin ordezkatu.

«Jakin enpresaren irizpideak zein diren, horiek egokiak diren edo ez, eta, agian, haiekin aldez aurretik hitz egin».

IRATI AIZPURUA ALKEZARAbokatua

Horretaz gain, zaintzaren afera «estrukturala» dela salatu du Muniozgurenek. LABekoaren aburuz, gaur egungo zaintza sistemak ez du uzten arazoari «modu komunitario eta kolektibo batean» aurre egiten, ezta modu publiko batean ere. Horregatik dio indibidualki aurre egitera «kondenatuak» daudela.

Aizpuruak gomendatu du ez itxarotea enpresaren ezezkoari, eta aldez aurretik plangintza bat egitea. «Jakin enpresaren irizpideak zein diren, horiek egokiak diren edo ez, eta, agian, haiekin aldez aurretik hitz egin», aholkatu du.

Langile estatutuko azkeneko aldaketak

  1. Diskriminaziorik ez sufritzea kontziliazioa eskatzeagatik.

  2. Umeek 8 urte bete arte, gurasoek zortzi asteko baimena dute umea zaintzeko. Aste horiek jarraian har ditzakete edo ez, lanaldi osoan edo partzialean.

  3. Hamabi urtetik gorako seme-alaben zaintzagatik egokitzapena eska daiteke, baina salbuespenetan bakarrik; hau da, euren kabuz molda ez daitezkeen adingabeengatik, edo istripu edo gaixotasun kasuengatik. Bikotea eta bigarren mailako familiarrak zaintzeko ere lanaldia egokitu daiteke. Enpresak hamabost egun baino lehen esan behar du onartzen duen, alternatiba bat eskaintzen dion edo ezezkoa ematen duen. Ezezkoa ematen badu, arrazoiak zein diren azaldu behar du. Egokitzapena bukatzean, aldaketaren aurretik zituen lan baldintzetara itzultzeko eskubidea du langileak.

  4. Ordainpeko baimenak: hamabost egun, izatezko bikote bihurtzean; soldatapeko bost eguneko baimena eskatzeko aukera, familiako baten istripu edo gaixotasun larriengatik; soldatapeko bi egun, senide baten heriotzagatik; baimenik gabe lanetik ateratzeko aukera, familiako larrialdi batengatik; eta huts egindako orduak soldatapekoak izango dira, lau egunez gehienez.

  5. Zaintzagatik lanaldi murrizketa eskatzeko aukera berriak.

  6. Enpresa berean bi gurasok baimenak epe berean hartzea mugatu dezake enpresak, betiere ondo justifikatua baldin badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.