Enpresen deskapitalizazioari aurre egiteko neurriak eskatu ditu Oinarrik

Elkarteak 91,5 milioi euro eman ditu bermetan 2010ean, 2009an urtean baino %46,5 gutxiago

Miren Garate.
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Azken bi urteotan, krisiaren eraginez, enpresek ondasun eta baliabide asko galdu dituztela esan du Oinarrielkarrekiko berme elkarteak. Batez ere tamaina ertain eta txikikoek igarri dute deskapitalizazioa. Jose Ignacio Garate presidenteak «egoeraren kontzientzia hartzeko» eta finantzaketa estrukturala errazteko neurriak eskatu dizkie administrazioei.

Bulego berri bat ireki du Oinarrik Bilbon. Han egindako ekitaldian eman ditu iazko jarduerari buruzko datuak Garatek. 91,5 milioi euro eman zituen bermetan. Hain zuzen, 2009arekin konparatuta, %46,5 murriztu zen berme elkartearen jarduera. Eusko Jaurlaritzaren zirkulatzaile programak—enpresen eguneroko beharretarako laguntza programa— %78ko jaitsiera izan zuen, eta Garateren arabera, hori izan da berme gutxiago ematearen arrazoia. 2009an 140 milioi eman zituen Oinarrik zirkulatzaile programarekin lotuta, jarduera osoaren %26,4 egon zen programa horri bideratuta.

Aitzitik, berme elkartearen gainerako lerroak hazi egin dira: inbertsioak sustatzeko berme finantzieroak %43 eta berme teknikoak %7,25. Enpresa ertain eta txikien nahiz enpresa sozialen bermeetan dago espezializatuta Oinarri.Iaz emandako bermeen %51 ekonomia sozialekoak ez ziren enpresentzat izan ziren: horien baitan, %37 zerbitzu enpresentzat eta 38 industria sektorekoentzat. 2009an bestelakoak izan ziren datuak, orduan bermeen %63 izan zirelako industria enpresentzat.

%0,81eko berankortasuna

Herrialdeka,Bizkaian eman ziren bermeen %43, Gipuzkoan %30 eta Araban %26. Gainerakoak, hiru lurralde horietatik kanpo. Hain zuzen, Euskal Herritik kanpo haztea da Oinarriren nahietako bat, sektoreko erreferente bihurtu ahal izateko. Horren harira, Kataluniako hamar kooperatiba sartu ziren iaz berme elkartean.Urtea 2.722 bazkiderekin amaitu zuen, 2010ean 258 berrik bat egin ostean. Berankortasuna %0,81ekoa izan zen eta porrot kopurua %0,55ekoa, finantza erakundeen batez bestekotik oso behera, beraz.

Aurtengo proiektuei dagokienez, 90milioi euro inguruko bermeak ematen jarraitzea espero du. Jaurlaritzaren zirkulatzaile programaren berankortasuna hazi egingo dela uste du. Enpresek finantziazioa lortzeko arazo gehiago izango dituztela da Oinarriren ustea. Hori dela eta,enpresen finantziazioa errazteko lan egingo duela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.