Enpresen deslokalizazioa legez zigortzea proposatu du EH Bilduk Legebiltzarrean

Ferrovialek bere egoitza fiskala Herbehereetara eraman izanak bultzatu du lege proposamena. Laguntza publikoak itzularazi nahi dizkiete deslokalizatzen diren enpresei.

Iker Casanova, Gasteizen. EH BILDU
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 15a
13:52
Entzun

EH Bilduk enpresen deslokalizazioa mugatzeko lege proposamen bat aurkeztu du gaur Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. Egoitza fiskala lekualdatzeko asmoa duten enpresak zigortzea da proposatu duten legearen ardatza, eta azken hamar urteetan jasotako diru laguntza publiko guztiak itzultzera behartu nahi dituzte.

Ekoizpen kostuak murrizteko edo zerga gutxiago ordaintzeko produkzioa edo egoitza fiskala beste herrialde batera eramaten dituzten enpresak zigortu nahi dituzte, zehazki. Laguntza publiko mordoa jaso duen Ferrovialen lekualdatzearen burrunbak bultzatu du koalizio independentista lege hori proposatzera.

«Ezin daiteke onartu enpresa publiko batek, laguntza publikoak jaso ondoren, horrelako erabakiak hartzea bere interesak bakarrik kontuan hartuta. Ados gaude enpresei hainbat esparrutan diru laguntzak ematearekin, baina laguntza horiekin batera erantzukizuna eta konpromisoa eskatu behar zaie, besteak beste, lurraldearekiko atxikipena», azaldu du Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak.

Koalizioak dio Bizkaiko foru arau batean oinarritu direla lege hori proposatzeko. Haien esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren lege hori «eraginkorra» da, horri esker hainbat enpresaren deslokalizazio asmoak «neutralizatu» direlako.

2019an antzeko lege proposamen bat aurkeztu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, baina EAJk eta PSE-EEk tramitera onartu ez zutela gogorarazi du koalizioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.