Envases Universalesek Ugaoko plantako 42 langile kaleratu ditu

Langileek bozketa bidez onartu dute neurria, eta bertan behera utzi dute astelehenean hastekoak ziren greba mugagabea.

Envases Universaleseko langileen protesta bat. BERRIA
Envases Universaleseko langileen protesta bat. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 3a
15:35
Entzun

Envases Universales multinazionalak 42 langile kaleratuko ditu Ugaon duen plantatik (Bizkaia). Enpresak otsailean jakinarazi zion langile batzordeari lan erregulazio txosten bat egiteko asmoa zuela, eta azken asteetan eginiko protestek ez dute eragin handirik izan. 29 kaleratuk haien borondatez utzi dute lanpostua; beste hamahiruek, aldiz, behartuta. Langileek bozketa bidez onartu dute neurria, eta bertan behera utzi dute astelehenetik aurrera deitua zuen greba deialdia. LAB sindikatuak, halere, ez du amore emango, eta epaitegietara joko du, uste baitu ez dagoela erregulazioa egiteko arrazoirik.

Envases Universalesek Ugan dituen langileen %40 galduko ditu aurki —108 ziren orain arte—. Langile batzordeak zuzendaritzaren argudioekin bat ez egin arren, jabeek aurrera egin dute neurri traumatikoarekin. Envases taldea Mexikoko multinazional bat da, eta munduan metalezko ontzi gehien ekoizten dutenetako enpresetako bat da. Ugaoko lantegia iazko irailean erosi zuen, eta bertan pintura eta disolbatzaileentzako potoak ekoizten ditu.

29 kaleratuk nahita utzi dute lanpostua; beste hamahiruek, aldiz, behartuta. Enpresak irailera arte nahi zituen lanean, baina nahi dutenean joan ahalko dira

Zuzendaritzak irailean egin nahi zituen kaleratzeak, baina negoziazioan iritziz aldatu du, eta langileen esku utzi du noiz irten erabakitzea, betiere iraila muga gisa jarrita. Horren truke, enpresak greba deialdia bertan behera uzteko eskatu zuen, eta langileek onartu egin dute. LABek du gehiengoa enpresan, eta gogor kritikatu enpresaren jarrera: «Langileekin jolasean ibili dira, eta kea saltzen. Ez dago kaleratzeak egiteko arrazoirik». Halaber, aurreratu du salaketa jarriko duela.

LABen ustez, Envasesek egin nahi duena deslokalizazio kasu argia da. Ekoizpena Herbehereetako eta batez ere Leongo (Espainia) plantetara bideratu nahi du. Langile batzordeak salatu zuen Leongo langileek «ia 9.000 euro gutxiago» irabazten dituztela urtean, eta hori dela benetako arrazoia. Are gehiago, salatu dute ekoizpen murrizketa %75era artekoa izan daitekeela, kaleratzeekin ekoizpen atal oso bat itxiko baitute.

Langile batzordeak uste du deslokalizazio kasu bat dela. Envasesek Espainian duen plantako langileek 9.000 euro gutxiago irabazten dituzte urtean.

Ugaoko plantak mozkinak izan ditu azken hamar urteetan, eta 2022an inoizko zenbakirik onenak izan zituen. Iazko urte amaieran ekoizpenak behera egin zuen; aurtengoaren hasieran, aldiz, asko igo zen. Langile batzordearen ustez, enpresaren mugimendu taktiko bat zen: «Gerora konturatu ginen: biltegiak bete eta bete ari ziren. Orain lepo daude, edozein greba edo ekoizpen jaitsierari eusteko moduan».

Envases Universal
Envases Universalen ekoizpen lerroetako bat. BERRIA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.