EKONOMIA

Epaileak hamabost eguneko epea eman du Inasako gatazka konpontzeko

Bihar inbertsoreak joanen dira Irurtzunera, eta ordura arte makinak zaintzeko “zilegitasuna” dutela diote langileek. [Youtube]http://youtu.be/99ariw-0OAI[/Youtube]

2013ko ekainaren 12a
16:37
Entzun

"Lehenbiziko helburua lortu dugu”. Hamabost eguneko epean ezinen dituzte Inasako makinak lantegitik atera, eta horren harira esan ditu hitzok Fernando Carrion Inasako langileen bozeramaileak. Epaileak horrela erabaki du, “Inasaren etorkizunari heltzeko aukera zabaldu, eta aukera guziak aztertzeko”. Bihar inbertsoreekin biltzeko aukera izanen du Santiago Gonzalez Inasako kudeatzaileak, eta aukera baliatzeko eskatu diote langileek. Bien bitartean, makinak zaintzeko “zilegitasun osoa” dutela esan dute. Hala ere, ez dira hartaz fio, lantegia “bertan behera” uzteko asmoa duelakoan daude eta.

Carrionen aburuz, “mobilizazioek”, “presio politikoek” eta  “ehunka telefono deik” geldiarazi dute makinen salmenta. “Epaileak esan bezala, Espainiako Estatuan aurretik inoiz ikusi izan ez duena lortu dugu”, azaldu du. Lourdes Goikoetxea Industria kontseilariari, berriz, “tanto bat irabazi” nahi izatea leporatu dio, “baina berandu ailegatu da”.

Nafarroako Gobernuari aferan buru belarri inplikatzeko deia egin dio, eta “bere botere guzia” erabiltzeko eskatu dio Nafarroako “enpresa munduko balio garrantzitsuenetako bat” gal ez dadin.

Bestalde, Guardia Zibilarekin eta Foruzaingoarekin zer eginen duten galdetu diote Goikoetxeari eta Espainiako Gobernuko ordezkariari, baita Inasako makinak eraman ez ditzaten zer egiteko prest dauden ere. Aurki epailearen autoa izanen dutela azaldu du, eta horregatik nahi dute lantegikoak ez direnei sarbidea debekatzea.

Atarian jarraituko dute

Carrionek mezu “argi eta garbi bat” helarazi dio Goikoetxeari: “Inasarako konponbide bat aurkitu arte hemen jarraituko dugu”. Beraz, ez dute haima desmuntatzeko inolako asmorik, eta mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu dute. “Prozesu honetan, konkurtso administrazioarekin hasi eta Nafarroako Gobernuarekin buka, gure esku dagoen guztia egin behar dugu jabea estu hartzeko edo, hala badagokio, haren iraupena segurtatzeko, hura kontuan hartu gabe ere”, azaldu du Carrionek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.