Zerga sistema

Epaileak Nafarroako Gobernuari eman dio arrazoia amatasun atxikipenen auzian

Epaileak atzera bota ditu amatasun eta aitatasun laguntzagatik atxikitako PFEZa itzultzeko eskatuz aurkeztutako auzi eskeak. Amen eta Aiten Talde Independenteak esan du borrokarekin jarraituko dutela "maila politikoan".

Iazko urrian Iruñean manifestazioa egin zen, amatasun eta aitatasun prestazioei PFEZn egindako atxikipenen itzulera eskatzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irune Lasa.
2019ko urriaren 11
11:59
Entzun

Auziak Espainiako Auzitegi Gorenaren erabaki batean du jatorria: 2018ko urriaren 3an Gorenak ebazpena eman zuen Estatuko zerga erregimen komuneko arau bati buruz, eta esan zuen amatasunagatik eta aitatasunagatik Gizarte Segurantzatik jasotako diru laguntzak salbuetsita egon behar zirela errenta zergatik; hots, diru sarrera horiei ez zitzaiela egin behar atxikipenik PFEZ zergan. Gorenaren epaiak lau urteko atzerako eragina zuen, eta, ondorioz, Espainiako Ogasuna behartu zuen epe horretan egindako atxikipenak itzultzera.

Gorenaren erabakiak erregimen komuneko arauari zegokion, eta, beraz, ez zien eragiten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako arauei. Hala ere, hautsak harrotu ziren gai horren inguruan, eta, azkenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek erabaki zuten arauak aldatu eta azken lau urteetan egindako atxikipenak itzuli egingo zituztela.

Aldiz, Uxue Barkosen Nafarroako Gobernuak ez zuen atxikipenak itzultzeko beharrik ikusi. Batetik,  Gorenaren epaiak ez ziolako Nafarroaren arau propioari eragiten. Horrez gain, Nafarroak, hain zuzen, 2012ko legearen memoria propio jasoa zuen amatasun eta aitatasun sariak ez zeudela salbuetsita PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik. Araurik ere ez zuen aldatu foru gobernuak, baina, hori bai, kenkari batzuek onartu zituen amatasun eta aitatasun sarientzat, zeinak indarrean dauden urte honen hasieratik.

Nafarroako Gobernuaren jarreraren kontrako ahotsak piztu ziren, eta manifestazio bat ere egin zen Iruñean, atxikipenak itzultzeko eskatzeko. Horrekin batera, hainbat auzi eske aurkeztu ziren auzitegietan, itzulketarik ez zutenez Nafarroako amek eta aitek diskriminazioa nozitzen zutela argudiatuta.

Salaketa horietako seiri buruzko ebazpenak eman ditu gaur epaile bakarrak administrazioarekiko auzien hiru epaitegietan. Auzi eskeak atzera bota ditu, eta Nafarroako Gobernuaren erabakiaren eta argudioen alde agertu da. Batetik, Espainiako eta Nafarroako arauak desberdinak direla azpimarratu du; eta esplikatu du, Espainiakoan ez bezala, Nafarroako arauaren memorian propio egiten dela aipamena, adieraziz amatasun eta aitatasun sariak ez daudela PFEZ zergatik salbuetsita eta, beraz, atxikipena egin behar zaiela.

Eskumena

Horrez gain, epaileak gogorarazi du Konstituzioaren arabera, Nafarroak eskumena duela PFEZa era autonomoan arautzeko. Horrek eragozten du berdinak izatea erregimen komunaren eraginpekoen eta foru zergapekoen egoerak, eta, beraz, ez dago diskriminaziorik. Epailearen arabera, berdintasun printzipioa ez da uniformetasun moduan ulertu behar, bestela autonomiaren printzipioarekin amaituko bailitzateke.

Orain, zabalik dago epaiari kasazio helegitea jartzeko aukera Nafarroako Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko aretoan.

Kolpea

Dirua itzultzeko eskatzen duten Amen eta Aiten Talde Independentearentzat epaia "kolpea" izan da, baina adierazi dute borrokarekin jarraitzeko asmoa dutela "maila politikoan". Carmen Azpillaga ordezkariaren arabera, aldeko epai batek "gauzak erraztuko zituen", baina, egiaz, euren taldearen eskaera "beti egon da parlamentuan, ez epaitegietan".

Amen eta aiten taldeak Nafarroako Gobernuaren deia jaso du epaia jakin eta berehala. Azpillagaren arabera, gobernuak "lasaitasuna" transmititu die, eta esan "hitza beteko dutela". Taldeak azpimarratu du Maria Txibite lehendakariaren "konpromisoa" dutela, atxikipenen dirua itzuliko dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.