Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak ez dio Espainiari presarik eman edo presiorikegin erreskatea eskatzeko. Laguntza emateko erabakiak gobernuen esku daudela gogorarazi du, eta iradoki du EBZk ez diola Espainiari baldintza gehiago exijituko bere ekarpenaren truke —herrialdeen zorra bigarren merkatuetan erostea—. Hori bai, ohar bat egin dio Espainiari: ez dezala bere burua epe motzeko zorrarekin soilik finantzatu.
EBZk hiru urte arteko zorra baizik ez die erosiko inbertitzaileei, ez duelako bere burua hainbat urtez halako neurri ezohikoekin nahastu nahi. Hori ikusita, zorra saltzeko larri dabiltzan estatuek tentazioa izan dezakete epe laburrera soilik finantzatzeko, ongi baitakite geroxeago bonu horiek banku zentralari saltzeko aukera izango dutela.
Espainiako Gobernuak dagoeneko iragarri du epe motzeko zorra hobetsiko duela aurrerantzean. Atzo, hain zuzen ere, hiru urte barru itzuli beharreko bonuak saldu zituen, %4,028ko interesarekin. Irailean prezio hobea lortu zuen (%3,91), baina orain eskaintza handitu egin da: eskainitakoa halako 1,5 eskatu zioten irailean eta ia halako bi atzo. Bi eta bost urteko zorra ere saldu zuen, eta kasu horietan maiatzean baino nabarmen merkeago: bi urtekoa %5,30tik %3,39ra jaitsi da, eta %6,54tik %4,82ra bost urtekoa.
Erantzunik ez galdera zailei
Brdo pri Kranjun (Eslovenia) EBZko buruzagitzak egindako bileran osteko agerraldian, Draghik behin eta berriro egin zien iskin Espainiaren erreskateari buruzko galdera zuzenei. Erreska- terik gabe aurrera egiterik ba ote duen galdetuta ere, ez da busti. Espainiari buruz ez zuela hitz egingo esatera iritsi zen, baina azkenean amore eman behar izan zuen. Funtsean, hitz goxoak esateko. Finantza sistema berregituratzeko neurriak, eta erresistentzia probak txalotu egin zituen: «Nabarmena da hain epe laburrean zenbat neurri iragarri, lege egin eta indarrean jarri dituzten». Portugalgo Gobernuari ere sostengua adierazi dio banku zentraleko presidenteak —«aurrerakuntza nabarmenak izan ditu»—, baina erabat baztertu du haren zorra erosteko aukera, artean ez delako finantza merkatuetan modu erregularrean finantzatu.
Interes tasak, %0,75ean
Interes tasei dagokionez, %0,75ean utzi ditu EBZk. Gainera, Draghik ez du gehiago jaisteko imintzio txikiena ere egin, eta, horregatik, aditu gehienek pentsatzen dute horrela jarraituko dutela aldi batean. Ikusteko dago horrek zein eragin duen Euriborrean, irailaren erdialdeaz geroztik diruaren prezio ofizialetik behera baitago. Atzo, esaterako, %0,675an itxi zuen. Horrek adieraziko luke merkatuek espero dutela interes tasa ofiziala are gehiago jaistea. Orain arteko jaitsierek, ordea, ez diote asko lagundu euroguneko ekonomiari. Urteko bigarren hiruhilekoan %0,2 uzkurtu zen diru bakarra darabilten herrialdeen ekonomia, eta hazkunde ahula izango da hurrengo hilabeteotan ere.
Inflazioa %2ko muga desiragarritik gora dagoen arren, Draghik ez du kezka handirik adierazi,kontsumoaren gaineko zergen igoeraren eta erregaiaren garestitzearen ondorio delako, eta, hortaz, behin-behinekoa.
Epe motzeko zorra gehiegi ez erabiltzeko ohartarazi dio Draghik Espainiari
Erreskatea eskatzea eta EBZ zorra erosten hastea gobernuen esku dagoela esan du banku zentraleko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu