Build, build, build (eraiki, eraiki eraiki). Lelo hori hautatu du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, koronabirusak gehien zigortu duen sektoreetako bat erreskatatzeko: eraikuntzarena. %35 egin du behera krisiaren lehenengo hiru hilabeteetan, eta horri buelta emateko plan bat aurkeztu du. Etxebizitzak izango ditu oinarri: berri gehiago eraikitzeko eta zaharrak birgaitzeko, legeak malgutuko dituela aurreratu du.
Euskal Herrian ere handia da pandemiaren eragina sektorean. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, jardueraren %5,4ko beherakada izango du urte amaieran, baina espero du datorren urtean horren parte handi bat suspertzea —%4,6ko igoera—. Eraikune eraikuntza sektoreko enpresen klusterreko zuzendari nagusi Jon Ansoleaga ere itxaropentsu azaldu da. «Eraikuntza izango da datozen hiru urteetan susperraldi ekonomikoaren ardatza».
Ansoleagak, etxebizitza berrietan baino gehiago, obra publikoetan jarri du arreta. Azpimarratu du alor horietan aritzen diren enpresek aurreikuspen hobeak dituztela. Lan publiko batzuen adjudikazioak eta obren hasierak geldirik daude gaur egun, baina uste du erakundeek inbertsio publikoari eutsi egingo diotela, aitortuta ere administrazioen diru bilketan izandako jaitsierak eragina izan dezakeela.
Hori orekatzeko, uste du administrazioen zorpetzeko ahalmena handitzea ona dela. «Ez da albiste ona [diru bilketan izandako jaitsiera], inbertsio txikiagoa eragin baitezake, baina Jaurlaritzaren mezuekin geratzen gara: defizitaren eta gastu publikoaren gaitasuna handitzearen alde azaldu da». Gainerako erakundeek ere aukera hori izatea defendatu du, udalek bereziki —gaur egun ezin dute—. «Positiboa izango litzateke hori, azpiegituran eta obra publikoan inbertsio publikoa mantentzea ahalbidetuko lukeelako». Horrekin batera, uste du Europako erakundeek ere bultzada emango diotela sektoreari, «lehiakorragoa izan dadin».
Etxebizitza berriak eta lanpostuak
Eraikuntza pribatuaren alorrean, berriz, aurreikuspenak ez dira obra publikoetan bezain onak. Dena den, Ansoleagak uste du etxebizitzen birgaitzean eta, bereziki, berrien eraikuntzan badagoela aurrera egiteko tartea. Salerosketak, oro har, apaldu egin diren arren, azpimarratu du etxebizitza berrien salmentetan ez dela ia geldialdirik egon eta prezioak mantentzen ari direla. «Bigarren eskukoak gutxiago saltzen ari dira, baina berrietan, krisiaren aurretik bezala jarraitu du jendeak».
Lanpostuen inguruan, aitortu du COVID-19aren krisia dela-eta enplegu galera bat egotea aurreikusten zuela sektoreak, baina uste du horri buelta ematen hasiko direla bigarren seihilekoan eta 2021ean —konfinamendu garaian, gainera, debeku gutxiago izan zuen eraikuntzak, bereziki obra zibilak, eta lehenago itzuli ziren lanera; hori dela eta, langileak galdu ez dituen sektore bakarrenetarikoa izan da maiatzean, ekainean eta uztailean.
Horrez gain, Ansoleagak azpimarratu du azken hiru urteetan Euskal Herriko gainerako jarduera ekonomikoak baino hazkunde handiagoa izan duela sektoreak, eta espero duela oraingo enpresa kopuruari eta lanpostuei eustea.
Uste du, halaber, egungo egoeran «beste alor batzuetako talentua» erakarriko duela eraikuntzak, eta horrek bestelako egitasmo batzuk lantzeko emango diola, sektorea modernizatzeko eta garai berrietara egokitzeko.