Sekula ikusi gabeko jaitsiera eragin du pandemiak ekonomian: %20

EAEko ekonomia atzeraldian dago, eta urte amaieran bi digituko erorikoa izango du. 100.000 enplegu galduko direla aurreikusi du Jaurlaritzak. %3,5eko defizita edukitzeko baimena nahi du

xabier martin
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Aurreikuspen ezkorrak txiki utzi ditu COVID-19a ekonomian egiten ari den zuloa islatu duen argazkiak. Urteko bigarren hiruhilekoan %20,1 uzkurtu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina urte arteko tasan, eta alarma guztiak piztu dira, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak ilunak izanagatik motz geratu baitira zuloaren sakontasuna neurtzeko. %13,4ko apaltzea aurreikusi zuenGasteizko gobernuak, apiriletik ekainerako aldi beldurgarrian; ia zazpi puntu okertu da.

«Bake garaian sekula bizi izan gabekoa bizitzea egokitu zaigu», esan zuen atzo Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak. EAEko ekonomia atzeraldian sartu da ofizialki bi hiruhileko jarraian uzkurtzeak harilkatu ondoren. Eta okerrena: Lakuak ez du argi ikusten urtea amaitu aurretik suspertze sendo baterako abagunerik izango denik, gaitzaren agerraldien kaltea aurrerago neurtu beharko delako.

Horiek horrela, 2020an EAEko ekonomiak bi digituko uzkurtzea izango duela ez zuen ezkutatu Azpiazuk, nahiz eta ez zuen eman datu zehatzik. Irailean iritsiko da urte osoari dagokion aurreikuspena berritzeko garaia, «behin-behineko datu hauek egonkortzen direnean», baina erraza da %12-14 inguruko erorikoa aurreikustea, urteko lehen erdian metatutako gainbehera dela eta. Eta, beraz, Ekonomia Sailak aurreikuspenak gaurkotu beharko ditu, txarrera. Izan ere, %8,7ko jaitsiera finkatu zuen ekainean; muturreko egoerak aurrean eraman duen nahi bat baizik ez da bihurtu zenbaki hori. «Inoiz ere ez dugu ezagutu bi digituko jaitsierarik», esan zuen sailburuak.

Inoiz gertatu gabeko beste erorikoa enpleguarena izan da. Konfinamendua eta haren ostekoa modu gordinean islatu da datu makroan: -%19,8. Jaurlaritzak ohartarazi zuen jaitsiera handia izango zela aurtengo bigarren hiruhilekoan, baina aldagai horretan ere labur geratu da, %10,7ko jaitsiera ez baina ia halako bi jaso baitu erakusleak.

Defizita handitzeko garaia

Parekorik ez duten jaitsiera horiek urteko lehen hiruhilekoan gertatutakoei gehitu zaizkie. Urtarriletik martxora, itxialdiaren egun batzuk baino jasotzen ez zituen epealdia izanik ere, %3,2 uzkurtu zen ekonomia, eta %2,8ko galera izan zuen enpleguak. Apirilaren 14an hasi ziren neurriak arintzen, baina ekainaren 21era arte iraun zuen prozesuak, eta epealdi horrek bere gordinean islatu du ekonomiaren geldialdia; edozein modutan, Gasteizko gobernuak aurreikusi baino askoz larriagoa da egoera.

Eustaten arabera, ez baitago seriean hiruhilekotik hiruhilekorako sortu den koskaren parekorik: %16,9 uzkurtu da BPGa lehenetik bigarrenera. Enpleguaren alorrean, berriz, %17ko jaitsiera jaso du hiruhileko aldaketak. Gainera, datu beldurgarriagoa izan zitekeen aldi baterako erregulazioak aintzat hartuko balira langabeak zenbatzeko. Erregulazio horiei esker ez da izan eroriko handiagoa enpleguan, oraindik ere milaka langile baitaude haiei loturik, gehienak atera diren arren dosierretatik.

Azpiazuk Europako Batasunean egindako suspertze planari erreparatu zion egoera ekonomiko-soziala orekatzeko moduak aztertzean. Atzeraldi Handian gertatu zenarekiko alde bat ikusten du: «Europako erakundeek erronkari erantzuteko maila emango dute orain, politika eraginkorrekin».

Espainiako Gobernuari Kontzertuaren Batzorde Mistora «lehenbailehen» deitzeko eskatu zion, defizita asko igoko dela ohartarazita. Jaurlaritzak kalkulatu du %3,5 ingurukoa izan daitekeela aurten, eta«beharrezkoa» izango dela horrelako defizit batera jotzea jardueraren galerari aurre egiteko. «Aparteko egoera batek aparteko erantzunak behar ditu». Izan ere, foru aldundien bilketa %18 inguru jaitsiko da urte amaieran, sailburuak aurreratu zuenez, «hau da, 2.000 milioi euro inguru». Horregatik, ohartarazi zuen presazkoa dela euskal erakundeen zorpetze gaitasuna handitzea.

Urte latza enpleguarentzat

Enpleguaz hitz egitean, ezkortasuna adierazi zuen Ekonomia sailburuorde Alberto Alberdik, uste baitu urte amaiera arte 98.000 izan daitezkeela galduko diren lanpostuak, azken aurreikuspenean baino 30.000 gehiago, alegia.

Dena den, Alberdik gogoratu zuen 2019an BPGaren %2,2ko hazkundea izan zutela Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeek, eta sei urteko zikloa «hazkunde sendo batekin» bukatu dutela. «Hori iragana da», esan zuen Azpiazuk.

Urtearen bigarren zatian ekonomia zertxobait suspertzea espero ote daitekeen galdetuta, Azpiazuk baietz esan zuen, baina zuhurtzia handiz erantzunda, balizko suspertze hori «kutsatze mailaren arabera» izango dela garbi utzita. Nolanahi ere, urte amaieran ekonomia orain arte ikusi ez den bezala uzkurtuko da, baita urteko bigarren erdia hobea izanda ere. «Ahalegin guztiak beharko ditugu, publikoak eta pribatuak, egoera honi aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.