Iraupen luzeko langabezia. Eragin psikologikoa. Ainhoa Diez. Gizarte langile eta ikerlaria

«Erakundeek ere badute babes emozionalaren ardura»

Langabe askok familian eta lagunen artean bilatzen dute babes emozionala, baina, Diezen arabera, askok ez daukate aukera hori. «Jende askok entzun dezaten nahi du soilik».

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Langabeziak eragiten dituen ondorioei buruzko ikerketa gehienek langabearen arlo psikologikoa aztertu dutenez, Ainhoa Diez (Durango, 1991) gizarte langilea bestelako ikerketa bat egiten ari da, Deustuko Unibertsitatean. Familia unitate moduan hartu, eta aztertzen ari da zer gaitasun duen familiak bere kide bat luzaroan langabezian dagoenean egoera horri aurre egiteko. «Familia erresilientzia [egoera zail bati aurre egiteko gaitasuna] ikertu dutenek gaixotasun edo heriotza kasuekin egin dute lan, baina langabeziarekin ez». Hori dela eta, bere ikerketa berritzailea dela esan daiteke.

Pertsona bat langabezian geratzen denean, zein izaten da horren eragina bere inguruan?

Etxetik kanpo zortzi ordu egotetik bat-batean etxean geratzera igarotzen da pertsona. Horrek goitik behera aldatzen ditu ohiturak eta antolatzeko modua, baita etxeko lanen banaketa ere. Ikusi izan da ezberdina dela langabezian geratzen den pertsona gizona edo emakumea izatea. Gizonari etxetik kanpo lan egitea eskatzen zaio, eta lana galtzen duenean bere maskulinitatea ukitzen dio horrek. Emakumearen kasuan, lan hori galtzean, familia bat daukanez, hutsune hori familiarekin bete dezakeela esaten dio gizarteak. Hor dago ezberdintasun nagusia.

Etxeko antolaketan eragina dauka, baina ekonomian ere eragiten du...

Bai; azkenean, diru sarrerak murriztu egiten dira, eta, horrekin batera, estres psikologiko hori dago. Aisialdia murriztu egiten da, eta lagunen arteko harremanak ere gutxitzen dira, ezin duzulako plan guztiekin bat egin. Diru sarrerak murrizten direnean laguntzak daude, baina horiek ere estigmatizatuta daude. Lotsa sortzen da, eta pertsona horiek erru sentimendu bat izaten dute, ez direlako sozialki baliagarri sentitzen.

Ezarri zaizkien betebeharrak betetzeko ez direla gai, alegia.

Hori da. Guri esan izan zaigu lana dela definitzen zaituena, baina, azkenean, lana definitzen zaituen zati bat besterik ez da. Lana galtzean zure zati bat galtzen da. Baina, askotan, errealitatea ezkutatu egiten da, eta, unean uneko egoerei aurre ez egiteko, kontaktu batzuk saihestu egiten dira. Egoera paradoxikoa da, estres handiko garia delako, eta laguntza behar duzulako. Baina, era berean, harreman horiek aldatu egiten dira.

Epe luzeko langabe bat etxean egoteak nola eragiten du?

Egoera ziklikoa da. Langabezian geratzen zaren momentuan shock moduko bat dago. Lana topatzen hasten zara ondoren, eta baikortasuna dago, baina ikusten duzu zure ahaleginek ez daukatela inongo emaitzarik, eta horrek frustrazioa areagotzen du. Horrek familiako elkarekintzan eragiten du, tentsioak sortuz. Lana galdu duenak pentsatu ahal du ez dutela ulertzen, eta bere ondokoak, alfer bat dela. Hori kaltegarria da familiaren funtzionamendurako.

Zer egiten da egoerari aurre egiteko?

Hori ikertzen ari naiz, eta uste dut babes soziala dela giltza. Ez soilik familiak, bizilagunak edo lagunek ematen dizuten babesa. Hori bai, baina erakunde publikoek ere eman behar dute babesa. Hau da, gizarte zerbitzuek, osasun sistemak, eskolak eta abar. Badirudi babes soziala gizartearen ardura dela, alegia, arlo pribatura mugatzen dela. Horixe beharrezkoa dela babes hori, baina horrek ez du esan nahi erakunde publikoek ardurarik ez dutenik hartu behar. Ikerketarekin, ikusi nahi dut gizarte langile batek zein eragin duen egoera horretan. Zer da: diru laguntzak ematen dituen pertsona bat bakarrik? Edo pertsonaren alboan dago, eta entzuten daki?

Erakundeei baliabide ekonomikoak eman ditzatela eskatzen zaie, baina gehiago ere egin dezakete orduan.

Nik uste dut tratu pertsonalagoa eman beharko luketela. Baliabide ekonomikoak jarri behar dituzte, noski, baina kontuan eduki behar dute pertsonekin daudela, eta diruak ez duela dena konpontzen. Jende askok ez dauka norekin hitz egin. Beraz, alde horretatik, erakundeek galdu egiten dute gizatasun puntu hori. Dena burokratizatu, eta arreta pertsonal hori galdu egiten da. Gizarte laguntzan askotan ikusi izan dugu jendeak behar duena bera entzutea dela.

Babes psikologiko hori, ordea, familia eta lagunen artean topatzen al da?

Inguruan topatu dezakezu babes emozionala, bai. Baina, horretarako, sare hori eduki behar duzu. Esate baterako, etorkinek, askotan, ez dute ia inor ezagutzen. Ez daukate dirurik euren jatorrizko herrialdera itzultzeko, ezta euren familia hona ekartzeko ere. Alde horretatik, oso hauskorrak dira. Edozein modutan, sare informalek laguntza emozionala eskaintzen dute batez ere, baina baita instrumentala ere. Beti dago lagunen bat lana topatzen duena, edo langabeak lana topatu dezan bere haurrak zainduko dizkiona. Sare informalek ematen duten laguntza hori azaleratu beharra dago, lan handia egiten baitute.

Aintzat hartzen zaie betetzen duten funtzio hori?

Bai, aintzat hartzen zaie. Baina beldurra ematen dit horrek, erakunde publikoen erantzukizuna ezkuta baitezake. Ezin da babes emozional hori sare sozial horien gain bakarrik utzi; erakundeek eurena egin behar dute.

Baina gizarte zerbitzuak estigmatizatuta daude gehienetan, ez da horrela?

Izan daiteke, baina momenturen bateak mundu guztiak behar izango du gizarte zerbitzuen laguntza. Ematen du, ordea, behartsuentzako gauza bat dela, marjinala den jendearentzako bideratutako zerbitzua. Ez da halako ezer. Mundu guztiak behar du babes bat, eta edonor egon daiteke egoera hauskor batean. Edonoiz egon zaitezke egoera horretara bultza zaitzakeen egoera batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.