Iazkoa «urte nahasia» izan zen Irungo Uvesco taldearentzat, BM eta Super Amara supermerkatuen jabearentzat. Frantziako PAI Partners funtsa da konpainiaren akziodun nagusia, eta bere zatia herrialde hartako Carrefour kateari saltzekotan egon zen. Urte amaieran jakin zen operazio hori bertan behera geratu zela, baina epe motz-ertainean zer gertatuko den inor gutxik daki. «Espero dugu 2025a lasaiagoa izatea. Hala doa. Baina gure akziodun nagusia funts bat da, eta badakigu noizbait aterako dela, bere zatia salduko duela. Dena den, gaur-gaurkoz ez dago ezer mahaiaren gainean». Hala mintzatu da supermerkatu katea sortu zuen familiaren ordezkari eta egungo lehendakaria, Jose Ramon Fernandez de Barrena, taldearen emaitzak aurkezteko egindako agerraldian.
Fernandez de Barrena sendiak 2021. urtearen amaieran saldu zizkion bere akzioen %70 Frantziako inbertsio funtsari, negozioa hedatzeko kapitala behar zuela argudiatuta. Ordutik zuzendaritzari eutsi diote, egoitza fiskala eta erabakigunea Gipuzkoan mantenduz, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dute. Jakinarazi dute «alternatiba bat» prestatzen ari direla, iazko «arriskua» berriz piztuko balitz ere. Eta hor agertuko litzateke Eusko Jaurlaritza, nahiz eta ez duten zuzenean aipatu.
Carrefour euskal taldearen jabe egin zitekeela jakinarazi zenean, Gasteizko gobernua prest azaldu zen Finkatuz funtsaren bidez laguntzeko —enpresen errotzea bermatzea du helburu funts horrek—, beste inbertitzaile batzuen laguntzarekin: Kutxabanken eta Artizarra fundazio pribatuaren inbertsio funtsak aipatu ziren, besteak beste.
«Diskrezioaren izenean», Fernandez de Barrenak ez du izenik eman nahi izan, baina «kolaborazio publiko-pribatuaren bidea» lantzen ari direla baieztatu du. Argi utzi du «aliantza» horren asmoa ez dela PAI Partnersen zatia erosteko eskaintza bat egitea, baizik eta Frantziako funtsak bere zatia saltzea erabakiko balu «lehia» horretan parte hartzea. «Bide horretan lanean jarraituko dugu: aukera sortuko balitz hutsetik has ez gaitezen; aukera sortuko balitz partida jokatu ahal izateko», azpimarratu du Fernandez de Barrenak. Kasu horretan, halaber, ez du baztertu akzioen parte bat erostea eta bestea «interes berberak» izan ditzakeen beste inbertsiogile baten esku uztea.
Salmentak, gora
Taldeko presidenteak aitortu du iazko mugimenduek «eragina» izan zutela langileen aldartean, eta kezka sortu zutela hornitzaileetan-eta. Aurrera begira, eta sor daitezkeen zurrumurruak gorabehera, adierazi du zuzendaritzak aurrera jarraituko duela bere estrategiarekin, «hazten jarraitzeko xedearekin».
Iazkoa urte mugitua izan arren, Uvescok «urrats garrantzitsua» egin zuen bide horretan, Madrilgo Hiber supermerkatuak erosita. 2017an Gigante katea erosi eta Madrilen sartu zenetik, Espainiako hiriburua eta haren erkidegoa begiz jota dauka taldeak: Bizkaiaren eta Gipuzkoaren ondoren, han du denda gehien, eta jada fakturazioaren %30 ekartzen diote —Espainian, Kantabrian, Asturiasen, Errioxan, Avilan eta Zaragozan ere baditu denda batzuk—.
DATUAK
%2,5Online salmentak Uvesco taldearen salmenten %2,5 baino ez dira Internet bidez egiten, modalitate guztiak kontuan hartuta. Iaz %16 handitu zen salmenta mota hori. Aurten %3ko kuotara iristea dute helburu.
%17Marka zuria 2023ko udazkenean abiatu zuen Uvescok bere marka zuria: BM Selecta. 1.200 produktu ditu etiketa horrekin, eta iazko salmenten %17 izan ziren, 1,7 puntu gehiago. Antzerako beste kate batzuetan, batez beste, %30ko kuota dute marka zuriek.
490Bertako produktoreak Uvescok «bertako» 490 ekoizlerekin lan egiten du. 251 milioi euroren erosketak egin zizkien iaz.
Edonola ere, Euskal Herria da oraindik Uvescoren negozioaren erdigune nagusia. Taldeak 336 saltoki ditu, eta horietatik 215 daude Hegoaldeko lau lurraldeetan: 108 Bizkaian, 65 Gipuzkoan —zortzi Super Amara markarekin—, 32 Nafarroan eta hamar Araban. Eroskiren atzetik, Uvesco da Hegoaldeko saltoki katerik handiena, %17,9ko azalera kuota baitu.
Negozio kuotaren datua ez dute eman, konfidentzialtasuna dela eta. Argudio bera eman dute irabaziei dagokienez. Hori bai, jakinarazi dute 1.186 milioi euroren baino gehiagoren salmentak egin zituztela iaz, 2023an baino %10,6 gehiago, eta inoizko handienak. Igoera hori %4,6koa litzateke —«hazkunde naturala»—, ez balitz Madrilgo Hiberren 31 supermerkatuen ekarpena kontuan hartuko. Horrek erakutsiko luke, Fernandez de Barreran arabera, egindako apustuarekin asmatu dutela.
Aurrera begira, Uvescok ez du kate gehiago erosteko eskaintzarik mahai gainean, baina zabalik utzi du bide horretan jarraitzeko atea. «Gure historiaren parte da hori». Madrilgo dendez gain, BM markako beste hamar establezimendu ireki zituen iaz, eta 2025erako beste 25 ireki asmo ditu. Horretarako, 40 milioi euroko inbertsioa egingo du.
Enpleguari dagokionez, 2023an baino 1.000 langile gehiago ditu: 7.142 guztira, eta 5.000 inguru Euskal Herrian. Hamarretik zazpi emakumeak dira. Aurten 350 lanpostu sortzea aurreikusten du.