Herrialde arabiarretako iraultzek petrolioaren prezioa garestitzen badute, jaitsi autoen autobietako eta autobideetako gehieneko abiadura, erregai kontsumoa murrizteko. Ekuazio hori egin du Espainiako Gobernuak. Gehieneko abiadura orduko 120 kilometrotik 110era motelduko du martxoaren 7tik aurrera. Eranskailuak jarriko ditu seinaleetan, petrolioarekiko duen mendekotasun handia pixka bat estaltzeko. Behin-behineko neurria izango da. Noiz arte? Egoera baretu arte eta, funtsean, petrolioaren prezioa merkatu arte. Atzo hartu zuen erabakia, Ministroen Kontseiluan.
Herrialde arabiarretako gatazkek eragin zuzena izan dute herritarren poltsikoetan. Gidarienetan batez ere, baina baita gidariak ez direnenetan ere, petrolioa garestitzeak produktu gehienak garestitzea eragiten baitu. Espainiako Gobernuak petrolioaren ordainagiria txikitu nahi du. Haren esanetan, Brent upela hamar euro garestitzen bada, 6.000 milioi euro gehiago gastatzen dira urtean.
Brent upela, Europako erreferentzia, 110-120 dolarren bueltan dabil, azken bi urte eta erdiko prezio garestiena. Igoera eragin du Libiako ekoizpena murrizteak eta arazoak beste herrialde ekoizle batzuetara kutsatzeko beldurrak.
Baina egia da batez ere gidariek nabaritu dutela petrolioaren garestitzea, gasolinaren eta gasolioaren prezioek goia jo baitute: 95 oktanoko gasolinaren batez besteko prezioa 1,284 eurokoa zen atzo Hego Euskal Herrian; gasolioarena, berriz, 1,242 eurokoa. Alegia, auto baten 50 litroko andela betetzeko 65 euro eta 62 euro behar dira, hurrenez hurren.
7-10 euro gutxiago
Espainiako Gobernuak gehieneko abiadura motelduta espero du gidariek %15 aurreztuko dutela gasolina gastuan eta %11 gasolioan. Portzentaje horiek betetzen badira, gidariak depositua betetzen duen bakoitzeko zazpi eta hamar euro artean aurreztuko ditu. Hamar euro 95 oktanoko gasolinaerosten duenak eta zazpi euro gasolioa kontsumitzen duenak. Espainiako Industria Ministerioaren arabera, ibilgailu pribatuetan egiten da energia gastuaren %15.
Erabakia bat-batekoa izan da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eta Nafarroako Gobernuak ez zekiten ezer, seinaleak aldatzea beraiei dagokien arren. Galderak baino ez dituzte: aldaketak zenbateko kostua izango duen eta nork ordainduko duen, funtsean.
Seinale osoak aldatuz gero aldaketa garestia da, are gehiago neurria behin-behinekoa dela aintzat hartuta. Seinaleetan eranskailuak jartzearen alde daude Bizkaiko Foru Aldundia eta Espainiako Gobernua, 120ko seinaleetako 2-a 1-arekin estaltzeko. 6.000 seinale aldatu beharko dituela eta eranskailuetan 250.000 euro gastatuko dituela uste du Espainiako Gobernuak.
Eusko Jaurlaritzak, oraingoz, «kolaborazioa» eskatu die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gidariei, neurriarekin bat egiteko. Hala egin zuen atzo Amparo Lopezek, Trafiko zuzendariak. Beharko. Ertzaintzak eta Foruzaingoak abiadura muga berrira egokituko dituzte radarrak, abiadura kontrolak eta baita, jakina, isunak ere.
Isuna bai, puntuak ez
Puntukako gidabaimenean ez du aldaketarik eragingo, Rubalcabaren esanetan. Hau da, isunetako diru kopurua erabakitzeko 110eko muga hartuko da aintzat, baina gidabaimeneko puntuak kentzeko 120koa.
Autobietako eta autobideetako gidariei datorren aldaketaz ohartarazteko, abiadura muga berria gogoraziko diete errepideetako informazio panelen bidez.
Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren esanetan, autobietan eta autobideetan orduko 90 kilometroko abiaduran lortzen da energia gehien aurreztea.
Gehieneko abiadura moteltzeaz gain, Espainiako Gobernuak bi neurri gehiago onartu zituen atzo petrolio kontsumoa murrizteko asmoz: alde batetik, %5 merkatuko ditu Renferen aldiriko eta distantzia ertainetako bidaia txartelak; bestetik, handitu egingo du gasolioan biodieselek duten portzentajea, gaur egungo %5,8tik %7ra.
Eranskailuak arazoa estaltzeko
Espainiak gehieneko abiadura orduko 120 kilometrotik 110era jaitsiko du autobietan eta autobideetan, petrolioa aurreztekoAldaketa behin-behinekoa da, eta ez du eraginik izango puntukako gidabaimenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu