Bolivia ez da, antza, Argentina. Cristina Fernandez Kirchnerrek YPF enpresaren desjabetzea iragarri bezain pronto, erasokor erantzun zioten Repsolen jabeak eta Espainiako Gobernuak, hitz gordinekin eta akusazio gogorrekin. Bestelako biharamuna izan zuen atzo Evo Moralesek, bezperan Red Electrica Españolaren (REE) filial bat nazionalizatzea erabaki ondoren. Erreakzio neurritsuak eta trukean ordain bidezko bat negoziatzeko borondatea nagusitu ziren Madrildik.
Red Electrica Españolak ohar baten bidez azaldu zuen bere jarrera. Zerikusirik ez Antonio Brufau Repsoleko buruak YPFren desjabetzearen ondoren egindako agerraldi sutsu eta luzearekin. Boliviak bere argindar sektorea antolatzeko «erabaki burujabea» errespetatzen duela azaldu zuen REEk, «betiere prozesuak nazioarteko zuzenbidea betetzen badu».
Boliviako Gobernuarekin negoziazioak hasteko prest dagoela jakinarazi zuen argindar konpainiak. «Kalte-ordain egoki baterako akordioa lortzea espero dugu, akziodunen interesak defendatzeko». Transportadora de Electricidad (TDE) nazionalizatutako enpresan akzioen %99,94 REEren eskuetan daude.
Desjabetzea justifikatzeko, Espainiako konpainiaren inbertsio falta argudiatu du Evo Moralesen gobernuak. Azken hamasei urteetan TDEn 61,5 milioi euro inbertitu direla kalkulatu du, lau milioi baino gutxiago urtean. Kritika horiek errefusatu zituen REEk, eta inbertsioei buruzko bestelako datu batzuk aurkeztu zituen. Horien arabera, 2002tik 2011ra bitartean, 67 milioi euro jarri ditu, gehiena argindar garraioa hobetzeko. 2002. urtean, TDEren truke 69 milioi ordaindu zituen. Kontu guztiek Boliviako administrazioen eta nazioarteko auditoreen oniritzia izan dutela azpimarratu du, gainera.
Azken urteotan inbertsioen erritmoa moteldu dela onartu du REEk, baina legean egondako aldaketei egotzi die hori. «2008. urtetik argindar sarea garatzeko plan berriak Ende enpresa publikoari ematen zaizkio, eta, ondorioz, REEren inbertsioak soilik martxan dauden azpiegiturei eusteko eta modernizatzeko dira». Erabaki horren erantzukizun guztia Boliviako Gobernuari dagokio, Espainiako konpainiaren ustez.
TDE da Boliviako argindar banatzaile nagusia, eta sarearen ia hiru laurdenak kontrolatzen ditu. Haatik, TDEk REEren emaitzetan duen garrantzia YPFk Repsolen zuena baino askoz txikiagoa da. REEk emandako datuen arabera, gaur egungo negozioaren %1,5 ematen zion Boliviako filialak. Eskura dauden azken datu ofizialen arabera, 2010ean TDEk 29 milioi euroren diru sarrerak izan zituen, konpainiaren emaitza guztiaren %2 inguru. REEko akzioak %2,2 jaitsi ziren atzo Madrilgo burtsan. Jaitsiera izan zuen arren, batez bestekoaren gainetik amaitu zuen, Ibex 35 indizea %2,5 baino gehiago jaitsi zelako.
Sei hilabete ordaina ezartzeko
Negoziatzeko prest agertu zen Boliviako Gobernua ere. Juan Jose Sosa Hidrokarburo ministroak REEri zenbat ordainduko zaion finkatzeko prozesua hasiko dutela iragarri zuen. «Enpresa bat kontratatuko dugu TDEk dituen aktiboen balioa zehazteko. Mahai batean eseriko gara, eta egin diren inbertsioak zeintzuk diren aztertuko dugu». Balioa enpresa independente batek ezarri beharko du, dekretua argitaratu eta 180 egunera, asko jota. Sosaren arabera, elkarrizketa «adiskidetsua» izan du Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroarekin.
Argentinan eta Bolivian gertatu dena ezberdintzen ahalegindu zen Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroa. «Ez du zerikusirik. Egoera independenteak dira». Desjabetzearen truke zenbat ordaintzen den kontrolatuko dutela ziurtatu zuen, halaber. «Argindar sarean egindako inbertsioen truke kalte-ordainak izango direla ziurtatu du Boliviak, eta alderdi hori zainduko du Espainiako Gobernuak».
Moralesen erabakia ez duela atsegin onartu zuen De Guindosek, eta, batez ere, Boliviarentzat kaltegarria izango dela ziurtatu zuen. «Funtsezkoa da Bolivian eta halako herrialdeetan inbertsioen segurtasun juridikoari eustea». Raxoiren gobernuari babesa adierazi zion Europako Batasunak, eta egoera «kezkaz» ikusten duela jakinarazi zuen. «Halako ekintzek Boliviako negozio giroari buruz seinale txarrak igortzen dizkiete nazioarteko merkatuei», Bruselaren irudiko.
Erreakzio gogorrena Espainiako patronaletik iritsi zen. Arturo Fernandez CEOEko presidenteorde eta Madrilgo patronaleko buruak irmotasuna eta neurri «gogorrak» hartzeko exijitu zion gobernuari; TDEren desjabetzea «adarjotzea» iruditzen zaio.
Erantzun neurritsua Madrildik
Boliviak agindutako desjabetzeari akordioa egiteko borondatearekin erantzun diote REEk eta Raxoiren gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu