«Eraso bortitzenaren» aurkako greba ofizial egin dute sindikatuek

Urtarrilaren 27ko lanuztearen bidez, Espainiako Gobernua eta alderdiak estu hartu nahi ditu gehiengo sindikalakErreformaren asmoa pentsio pribatuak bultzatzea dela salatu dute sindikatuek

Noval greba deialdiaren paperarekin, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan, gehiengo sindikaleko beste ordezkariak alboan dituela. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
«Pentsio publikoen sistemak inoiz jasan duen eraso bortitzenaren aurkako» greba deialdi ofiziala egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak. Hilaren 27ko lanuztearen bidez erretiroaren adina ez atzeratzeko eta pentsioa kalkulatzeko modua ez aldatzeko eskatuko dute sindikatu abertzaleek.

Grebaren erregistroa bi lekutan egin zuen gehiengo sindikalak. Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara jo zuten ELAko Mikel Novalek, LABeko Bea Martxuetak eta Sonia Gonzalezek, Hiruko Estitxu Ugartek eta EILASko ordezkari batek. Nafarroako Gobernuan egin zuten deialdi ofiziala Mitxel Lakuntzak (ELA), Igor Arroyok (LAB) eta Pilar Redondok (EILAS). EHNEren sinadura du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako deialdiak. Deitzaileen artean ez egon arren, ESK-k ere bat egin du lanuztearekin.

«Euskal langileek ez dugu onartzen pentsioak murriztu behar direnik, ez dugu onartuko erretiroaren adina atzeratzea, eta ez dugu ametituko pentsioak beherantz kalkulatzeko neurririk indarrean jartzea», azaldu du Novalek. Urtarrilaren 27a aukeratu dute hurrengo egunean Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma onartzeko asmoa duelako. Grebak, beraz, helburu garbia dauka: «Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoei exijitzea pentsio sistemak murrizketarik ez onartzeko».

«Bankuen aldeko erreforma»

Mobilizazioarekin bat egiteko deia egin die Martxuetak euskal langileei, eta ziurtatu die gehiengo sindikalak ez diela «sorbalda emango» erreformak kaltea egiten dien «milaka eta milaka langileei». LABeko ordezkariaren arabera, Madrilek onartu nahi duen erreformak «bankuei eta kapitalari soilik egiten die mesede».

Iruñean ere ildo horretako adierazpenak egin dituzte gehiengo sindikaleko ordezkariek. Lakuntzak, esaterako, ziurtatu du Espainiako Gobernua «gezurretan» oinarritzen dela pentsioen erreforma justifikatzeko: «Prozesuaren atzean dagoena da pentsio plan pribatuen aldeko apostua: bankuek eta finantza erakundeek negozioa egin dezatela pentsio publikoen kontura».

Arroyok, berriz, herritarrei eskatu die alderdi politikoak estu hartzeko, erreforma gera dezaten. «Alderdiei politikoak estu hartu behar dira, haiek ari direlako legea aldatzen kapital handiaren mesedetan». Greba deialdiak Nafarroan ere «erantzun zabala» izango duela uste du gehiengo sindikalak, langileak «haserre» daudelako.

Negoziazioak Madrilen

Ikusteke dago hilaren 27koa pentsio sistemaren erreformaren aurkako greba bakarra ote den. CCOOk eta UGTk ere aipatu dute lanuzte orokorrera deitzeko aukera, baina oraingoz Espainiako Gobernua estu hartzeko tresna bat baizik ez da. Bi sindikatu horietako eta Lan Ministerioko ordezkariek negoziazioak hasi dituzte gaiari buruz, bi epe muga desberdinekin. Gobernuarentzat, hilaren 28an amai daiteke, egun horretan aurkeztuko baitu bere proiektua. Sindikatuentzat, berriz, aste hau da giltzarria: aurrerapausorik izan ezean datorren astean grebara deituko dutela iradoki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.