Abeltzaintza

Eritasun baten ondorioz, debekatua da kabalek muga zeharkatzea

Ulitxa baten ziztadak odol galtzeak eragin ditu behietan. Gaixotasunak ez die gizakiei eragiten  

Behi saldo bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat - Iñaut Matauko Rada
2023ko irailaren 21a
11:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Ulitxa edo eltxo batek behi saldoetan egindako ziztadak eten egin du abereen garraioa Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean. Iberiar penintsularen hegoaldean agertu zen gaixotasuna, 2022. urtean, eta iparraldera hedatzen aritu da azken hilabeteetan. Irailean iritsi zen Gipuzkoara eta Arabara, eta atzo lehen kasuen berri eman zuten Hazparneko (Lapurdi) etxalde batean eta Etxebarreko (Zuberoa) batean. Bizkaian ere agertu da gaixotasuna.

Ardiek, behiek eta ahuntzek biltzen ahal dute gaitza, ulitxa mota batek kutsaturik. Kabala batetik bestera ez da gaitza transmititzen, infektatua den ulitxa baten ziztadaren bidez baizik. Kasu larrienetan, animalia hiltzen du eritasunak. DDPP Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzaren arabera, halere, Ipar Euskal Herrian atzeman dituzten bi kasuetan, kabalek ez dute sintoma larririk izan.

ANSES Frantziako osasun agentziak erran duenez, klima larrialdiaren ondorio da gaitz horren hedatzea, klima aldaketaren ondorioz heldu baita ulitxa hori Europara. Alain Mesplede DDPPko zuzendariak ere hala esplikatu du France Bleu irratian: «Printzipioz, Ipar Amerikako basa faunako animaliei eragiten die, baina ulitxa hori Europara heldu da, eta abere hazkuntzak ere kutsatzen ditu».

Europako Batasuneko araudiari jarraituz, Frantziako Laborantza Ministerioak debekatu du kasu bat atzeman duten saldoaren inguruko 150 kilometroko eremuan diren kabalak Europako beste herrialdeetara garraiatzea. Kabalak hiltegira eramateko bada, aldiz, legezkoa da garraiatzea, nahiz eta Frantziak dituen mugetatik atera. Aurretik ere muga zeharkatzea debekatua zuten Hego Euskal Herriko abereek. Haragiaren garraiorako debekurik ez da, ordea, gaixotasunak ez baitie gizakiei eragiten, eta ez baitu okelaren kalitatea okertzen.

Laborariak, beldur

ELB sindikatuko kidea da Beñat Etxeto laboraria. Behiak eta ardiak hazten ditu etxaldean, Donaixtin (Nafarroa Beherea), eta aitortu du laborariak «arranguratuak» direla. Behin kutsatuak direlarik, heriotza tasa apala da, %1 inguru, eta sintomak ukaiten dituztenak ere ez dira anitz (%10). Baina Etxetok erran du arazo handiena eritasun horien «kudeaketa» dela.

Izan ere, aratxeak etxaldean egonen dira, ezin izanen dituztelako beste herrialde batzuetara igorri. Horrek galera ekonomikoak eragiten dizkie laborariei. «ELBn salmenta zuzenaren alde gara, bistan denez, baina errealitate bat da gure aratxeak beste herrialde batzuetara igortzen ditugula. Eritasuna bera ez da hain larri, baina gure ekonomiaren antolaketak, gaur egun, behartzen gaitu beste herrialdeetara kabalak igortzera, eta, hori ezin badugu egin, prezioak apalduko dira, eta, gainera, kostu bat da prest diren aratxeak etxaldean atxikitzea», esplikatu du.

Gipuzkoan, gutxienez 60 kasu

Gipuzkoa da nabarmen gaitz horrek gogorren jo duen Euskal Herriko lurraldea. Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidenteak dio herenegun bildu zela foru aldundia baserritarrekin, eta adierazi zien sintomaren bat zuten 60 kasu detektatu dituztela lurraldean; horietako 55, baserrietan. Hala ere, Nazabalek dio datu ofizialek ez dutela egoeraren errealitatea erakusten; izan ere, baserritar askok ez dituzte kasu batzuk notifikatzen, eta askotan ez dizkiete probak egin ere egiten. Dena den, larritasuna kendu dio egoerari, gizakiengan eraginik ez duela nabarmenduz.

Aldundiaren jarrera kritikatu du Nazabalek: «Kasuak notifikatzeko eskatzen digu, baina haiek ez dute albaitari kostuak ordaintzeko inongo laguntzarik eskaini. Bakoitzak bere kontura kudeatu behar du egoera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.