Erkidegoek dendak mugatzeko eskubideari eutsi diote

Espainiako Gobernuak onartutako Merkataritza Legeak baimenak ukatzeko aukera ematen die

Erredakzioa
Donostia
2009ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak uko egin dio autonomia erkidegoekin gatazka hasteari saltokiak irekitzeko baimenak direla medio. Atzo onartutako Merkataritza Legeak saltokiak irekitzeko administrazioen baimen orokorra desagerrarazten duen arren, autonomia erkidegoen esku uzten du zenbait muga jartzea.

Zehazkiago esateko, Merkataritza Legeak hiru aukera ematen ditu saltokien irekitzeari ezezkoa esateko: ingurumenari, hirigintzari edo kultura eta historia ondareari kalte egitea. Hau da, hiru arrazoi horiek argudiatuz gero, autonomia erkidegoek badutela saltoki bati, handi zein txiki, irekitzeko baimena ukatzeko aukera.

Arrazoi ekonomikoa, ordea, ezingo dute argudiatu, ezta saltokiaren neurria edo eskainitako produktuari buruzkoa ere. Lehiakideek, gainera, ezingo dute baimentze prozeduretan parte hartu.

Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako lehendakariordeak atzo azaldu zuenez, erkidegoek baimentze prozedura bat zehaztu beharko dute, baimena beharrezkoa denean dendak irekitzeko tramiteak bizkortzeko.

Europako Batasunak zerbitzuak liberalizatzeko onartutako arteztarauaren ondorio da Merkataritza Lege berria. Hori dela eta, Espainiak isuna jasoko balu erkidego batean saltokiak irekitzeko askatasuna errespetatzen ez delako, isuna autonomia horretara igorriko duela ohartarazi duEspainiako Gobernuak.

Lehiaren Batzordea, aurka

Legea ez da ziur aski saltoki kate handien gustukoa izango, haiek jasotzen dituztelako ezezko gehienak. Lehiaren Batzorde Nazionalak ere kritikatu egin du,iritzi diolako erkidegoei ahalmen handia ematen zaiela baimenak ukatzeko, eta horrela enpresen arteko lehiari kalte egin zaiolakoan.

Kritikak kritika, lege berriarekin denda bat edo negozio bat irekitzea «bizkorrago eta merkeagoa» izango dela ziurtatu du De la Vegak. Lehendakariordearen iritziz, enpresen segurtasun juridikoa handituko du eta lanpostuak sortuko ditu, saltoki gehiago izango direlako.

Gainera, legeak kendu egingo ditu salmenta automatikoa egiteko baimenak eta ezabatu salmenta mugikorreko baimenen epeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.