Eroski prest dago bere ondasun higiezinak saltzeko, zorra arintzeko

Inbertsoreei iragarri die supermerkatuen eta bulegoen lursailak eta eraikinak salgai jartzea aztertzen ari dela. Horren zati bat baino ez luke salduko oraingoz

Eroski supermerkatu bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Eroskiren saltoki bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Aitor Biain / Imanol Magro Eizmendi
2023ko azaroaren 16a
14:00
Entzun

Eroski taldeak gainean daukan zor handiaren zama arintzen jarraitu nahi du, eta prest dago bide berriak aztertzeko: ondasun higiezinak saltzea aztertzen ari da Mondragon taldeko kooperatiba, zorraren zati bat ordaindu ahal izateko. 2020n hasitako finantzazio bide bat da, eta gelditzen zaizkion jabetzen %90 salgai jartzeko prest dago. Bide horretatik 260 milioi euro lortzea espero du. Elorrioko banaketa taldeak inbertsiogileekin egunotan egiten ari den bileretan emaniko datuak dira.

Astelehenean bonu salmenta bat jaulki zuen 500 milioi euro lortzeko, eta haien informazio eskuorrietan agertzen da salmenta asmoa: «Funtsezkoak ez diren aktiboak saltzeko aukera dugu, zorra murriztu edo berriz ere inbertitzeko. 260 milioira arte iritsi gaitezke». Eroskiren higiezinek 283 milioi euroko balioa dutela kontuan, hartuta, guztien %90 litzateke. Bonu guztiak abendurako saltzea da asmoa, eta horrek azalduko luke berme handi horren berri eman nahi izatea.

Eroskik Berria-ri azaldu dioenez, supermerkatuak, bulegoak eta bestelako eraikinak —aisia erabilerakoak batez ere— eta lursailak saltzeko prest dago. Are gehiago, zehaztu du horietako asko egun erabilerarik gabeko orube edo eraikinak direla. Halaber, zehaztu du duela urte batzuk hasitako prozesu bat dela eta sektoreko ia marka guztiek antzeko prozesuak egin dituztela.

874

Eroskiren zorra 874 milioi euroren zorra du Eroskik, eta 503 kemdu behar ditu 2024ko uztailerako. Kooperatibak hamarkada bat baino gehiago darama ahalegin handiak egiten. 2009az geroztik 2.514 milioi euro ordaindu dizkie hartzekodunei.

Eroskik emaitza onak lortu ditu bere negozioetan pandemiaz geroztik, eta ematen du aurten ere urtea ongi amaituko duela: irailera arte 70 milioi euroren irabaziak izan zituen, aurreko urte osoan irabazitakoa beste. Baina diru sarrera horiek jada ez dira nahikoak bankuei zor diena ordaintzeko: 874 milioi euro zor dizkie denera, eta horren zati handi bat, 503 milioi, 2024ko uztailaren 31rako kitatu behar du. Ondo bidean zorra kentzeko iraupen luzeko lasterketa baten azken pausoetako bat izan beharko luke. 2009az geroztik 2.514 milioi euro itzuli dizkie banku hartzekodunei, bere zorraren hiru laurden.

Inbertsoreei bidalitako eskuorria sekretua da, baina Cinco Dias agerkariak zabadu ditu haren xehetasunak. Momentuz gelditzen zaizkion ondasunen zati bat baino ez luke salduko: 35-40 milioi euro lortu nahi baititu epe motzean. Higiezinak saldu ondoren alokairuan hartzen ditu Eroskik, eta jardunarekin jarraitzen du. Cinco Dias-en arabera, Eroski egun bere saltokien %3aren jabe baino ez da. Dena den, batez besteko hori ez da arraroa sektorean.

2020n hasitako bidea

Higiezinen salmenta Eroskik ondo ezagutzen duen finantzazio iturri bat da. 2020tik hona hainbat operazio egin ditu, eta haien berri eman du publikoki. Tarte horretako operazio handiena 2020an egin zuen, WP Carey funtsari 27 supermerkatu saldu zizkionean 85 milioi euroren truke. Azkenekoa, aldiz, iragan abuztuan izan zen. Euskal Herriko hamar supermerkaturen lokalak saldu zituen 18,5 milioi eurotan.

Desinbertsioen bidea agortuta ikusten du Eroskik. Azken urteetan taldeko negozioak saldu ditu zorraren zama arindu ahal izateko: If lurrin denden katea Douglasi saldu zion, Eroski Bidaiak Iberostarren esku utzi zuen, eta Capraboren erdia saldu zion Txekiar Errepublikako talde bati. Dena den, ikusteko dago zein den Forum Sport kirol denden etorkizuna. Haren salmenta asmoaren inguruko zurrumurruak ohikoak izaten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.