Isuna

Eroskik 150.000 euro ordaindu beharko ditu Cifuentesen lapurretaren bideoagatik

Espainiako Datuen Babeserako Agentziak zigortu egin du supermerkatu enpresa. Eroskik iragarri du helegitea jarriko duela isunaren kontra.

Cristina Cifuentes Madrilgo erkidego autonomoko presidente ohia, dimisioa aurkeztu zuen agerraldian, iazko apirilean. EMILIO NARANJO, EFE
2019ko urriaren 2a
16:23
Entzun

Cristina Cifuentes Madrilgo autonomia erkidegoko presidente zenaren disimioa eragin zuten irudiek, iazko apirilean. Segurtasun kameraren grabazioan, Cifuentes ikusten zen, lapurtutako krema potoak poltsan gordeta. 2011ko irudiak ziren. Irudi segurtasuna ez bermatzeagatik, isuna ordaindu beharko du Eroskik. Espainiako Datuen Babeserako Agentziak zigortu du 150.000 euroko isuna ordaintzera.

Eroski ez dago ados agentziaren erabakiarekin, eta helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du. Enpresaren esanetan, "zorrotz" bete zuen segurtasun protokoloa, eta 2011n indarrean zen legedia errespetatu zuen. Gainera, nabarmendu du beste enpresa bat kontratatu zuela saltokiaren bideo bidezko zaintzarako, eta hark grabazioetarako "sarbide baimendua" zuela.

Cifuentesek presidente karguari "uko" egin ziola adierazteko agerraldian salatu zuen "lintxamendua" jasaten ari zela, aurreko asteetan. Dimititzeko erabakia "familiagatik, Madrilgo erkidegoagatik eta alderdiaren mesedetan" hartu zuen, haren hitzetan.

Kremen lapurretari buruz, Madrilgo presidente ohiak azaldu zuen "nahi gabe egindako zerbait" izan zela. "Ohartu nintzenean, 40 euroak ordaindu nituen", argudiatu zuen. Ez zen izan Cifuentesekin lotutako eskandalu bakarra. 2012an master titulu bat faltsutzea ere leporatu zioten. Auzia epaitegietan dago. Fiskaltzak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu du PPko politikariarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.