Bigarrenez jarraian, Eroskik zenbaki gorritan bukatu du urtea. Taldeak 75,6 milioi euro galdu ditu 2009an. Emaitza ez da ona. Baina, 2008koaren ondoan, hain txarra ere ez da. Orduan, 99,1 milioi euro galdu zituen, iaz baino %23,6 gehiago. Hein handi batean, azken urteetako erosketa eta inbertsioek eragindako zorrak eraman du taldea galeretara. Horrenbestez, Eroskik ontzat eman ditu 2009ko emaitzak, ekonomia eta finantza krisiak markatutako testuinguru batean, «kaudimen gaitasun handia» erakutsi duelako. Taldearen enpresa nagusiak, Eroski Kooperatibak, 103 milioi euro irabazi ditu.
Taldeak 8.427 milioi euroko negozio bolumenarekin amaitu du urtea. Horrek esan nahi du 2008tik %6 murriztu zaizkiola salmentetatik lortutako diru sarrerak, kontsumoak izan duen beherakada tarteko. Horri, Eroskik azken hilabeteetan merkaturatu dituen eskaintza bereziak gehitu behar zaizkio. Iaz, esaterako, saldutako unitate edo kilogramo bakoitzaren prezioa %7 jaitsi zuen batez beste, eta sendiei 130 milioi euro aurreztea ahalbidetu zien.
Taldearen emaitza operatiboa -zorraren interesen, amortizazioen eta zergen ordainketa kontuan hartu gabeko emaitza- 434 milioi eurokoa izan da, 2008koa baino %8 handiagoa. Finantza gastuak eta zergak ordaindu aurretik, berriz, %30 gehiago irabazi du. Taldearen esanetan, «garaiotan jarduera txikitu denez, garrantzi handiagoa hartzen du bi emaitza horiek hobetzeak». Irabazi errepikariak erdiesteko Eroskiren sendotasuna agerian uzten ei dute datu horiek.
Gastuak murriztu ditu
«Kontsumoa izugarri jaitsi da, prezioei beherantz tiratzen dien deflazio batekin eta merkataritza marjinak murriztuta, baina kaudimen gaitasun handia erakutsi dugu guk. Horrek eraginkorragoak bihurtzen gaitu luze gabe gertatuko denari aurre egiteko». Hala adierazi du Constan Dacosta Eroskiko presidenteak.
Taldeak %5,7 murriztu ditu gastu operatiboak; 2008an baino 111 milioi euro gutxiago gastatu ditu, beraz. Jarduera bolumen berrietara egokitzeko eta eraginkortasuna hobetzeko hartutako neurriei esker lortu du diru hori aurreztea. Eta azken urteetako erosketa eta inbertsioak tarteko bankuekin duen zorra zerbait txikitzea ere lortu du. Hala ere, zor handia du oraindik, eta horrek 69 milioi euroko galerak sortu dizkio azken emaitzetan. Abenduan zorra berrantolatzeko hitzarmena sinatu zuen hartzekodun bankuekin. Adostutako amortizazio epeak betetzeko ez du uste arazorik izango duenik, besteak beste, aurten diru sarrera batzuk izan dituelako zenbait aktibo higiezin saltzetik.
Langile gutxiago
Eroskik 47.539 laguneko langile taldearekin bukatu du urtea, 2008an baino %9,8 gutxiagorekin. Izan ere, langile bazkideei %10 luzatu die lanaldia, eta horrek aldi baterako kontratu batzuk ez berritzea ekarri du.
2009an, 74 saltoki berri ireki ditu taldeak, gehienak supermerkatu propioak eta frankiziak. Beste zenbaitetan, berriz, berrikuntzak egin ditu. Bezero kopuruan %3ko hazkundea izan du, eta beste horrenbeste hazi dira Eroskiren marka daramaten produktuen salmentak ere. Hain zuzen, saltzen dituen hiru produktutatik bat marka zuriak dira. Urtearen bukaeran 2.367 saltoki zituen Eroskik.
Eroskik 75,6 milioi euro galdu ditu 2009an, duela bi urte baino %23,6 gutxiago
Taldeak ontzat eman ditu emaitzak, produktibitatea handitu eta gastuak murriztu dituelako, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu