«Iazko urtearekin oso pozik gaude. Zerga aurreko emaitza 2023koa baino askoz hobea izan zen. Talde sendoa garela berretsi zen». Esaldia Rosa Carabel Eroski taldeko kontseilari ordezkariarena da, eta deigarria izan daiteke, kontuan hartuta enpresaren irabazi garbia 2023koa baino %24,35 txikiagoa izan zela. Mondragon taldeko banaketa kooperatibaren emaitza ulertzeko, baina, bisturia sartu behar da, eta Espainiako Sozietate Zergaren legean egon zen aldaketa bati erreparatu.
Eroskik iaz 5.729 milioi euro fakturatu zituen, 2023an baino %2,7 gehiago; emaitza operatiboa 259 milioi eurokoa izan zen, 2023ko bera, eta zerga aurreko emaitza 127 milioi eurokoa, 2023koa baino 24 milioi handiagoa. Orduan, nola da posible irabaziak laurden bat murriztu izana? Bada, zergengatik, edo hobeto esanda, sozietate zergarengatik, 45 milioi euro ordaindu behar izan zituen eta.
2024ko urtarrilean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen ezen 2016an Espainiako Gobernuak sozietate zergan eginiko hainbat aldaketa konstituzioaren aurkakoak zirela. Besteak beste, muga zorrotzagoak ezarri zituen zerga oinarri negatiboak konpentsatzeko, eta atxikipenak kalkulatzeko modua aldatu zuen. Aldaketa horrek bete-betean eragin zion Eroskik Hego Euskal Herritik kanpo duen negozioari —Hego Euskal Herrian lurraldeetako ogasunek kudeatzen dute—, eta iaz askoz gehiago ordaindu behar izan zuen sozietate zergan.
Eroskik iazko urteko emaitzen balantzea egin du Bilbon, eta bertan azaldu du egoera hori. Karabel, dena den, lasai agertu da, sozietate zergaren doitze ariketa hori urte bakarreko kontua izango dela sinetsita dagoelako eta zergen aurreko emaitza 2023koa baino %23 handiagoa izan zelako. «Emaitzak ez dira ohikoak, baina ez dago beste arrazoirik, hori da bakarra», laburbildu du.
«Erosleak asko erreparatzen dio prezioari. Erosketa txikiagoak egiten ditu, eta gehiagotan joaten da merkatura»
ROSA CARABELEroskiko kontseilari ordezkaria
Lasaitasun horren isla dira 2025erako iragarpen onak, uste baitu Eroski are gehiago haziko dela. Fakturazioa %3,4 handituko dela iragarri du, 6.104 milioi euroraino. Ebitda [zergen eta bankuei ordaindu beharrekoen aurreko emaitza], berriz, 340 milioi eurokoa izatea espero du, iazkoa baino %2,4 handiagoa. Halaber, beste 71 denda irekiko dituztela aurreratu du. Bost urtetan 351 irekitzea da Eroskiren asmoa, «gure ingurune naturalean, Iberiar penintsulako iparraldean».
Zergari dagokionez, iaz 59 milioi euro ordaindu zituen, eta, horrez gain, hamabost milioi euroko amortizazio gehigarri bat. Taldearen zorra 948 milioi eurokoa da, eta erdia baino gehiago 2023an jaulkitako zor bonuetatik datorkio. Carabelek esan du haien baldintzak berriz negoziatzen saiatuko direla, baina oro har zorrak ez dituela itotzen. Atzera begiratuz gero, gogoratzekoa da 2009an 3.506 milioi euroko zorra izan zuela Eroskik.

Erosketa joeren bilakaera ere aztertu du, eta nabarmendu du erosleek erosketa merkeagoak egiten dituztela eta gehiagotan doazela merkatura. Nabarmena da marka zuriaren gorakada ere: gaur egun, Eroskiren salmenten %37 marka propioari dagozkio, eta kopuru hori bost puntu igo da bi urtean. «Jendea gero eta arduratuago dago prezioarekin, eta uste dugu marka propioaren goranzko joera horri eutsiko zaiola», iragarri du.
Gai berean, Carabelek nabarmendu du Eroskik «ahalegin handia» egin duela lehengaien kostuen gorakada osoa azken preziora ez eramateko: «Lehiakorragoak bagara, prezioak beste batzuek baino gutxiago igo ditugulako gara hala». Iaz 52 milioi euroko inbertsioa egin zuen prezioak ez igotzeko.
Azkenik, taldeari dagokionez, zehaztu du ez dutela inolako desinbertsiorik egiteko asmorik eta ez dutela taldearen adarrik saltzeko asmorik, baina zehaztu du «prest» daudela bazkide posibleekin lan egiteko, baina inork ez duela haien atea jo. Alegia, hainbatetan zurrumurrua zabaldu bada ere, luze gabe behintzat ez du salduko Forum Sporten duen zatia.