Eroskiren ekarpenen auziko epaileak eskuak garbitu ditu

Bigarren auto argigarria eman du Marcos Bermudezek Eroskik eta BBVAk euren artean konpondu beharko dutela esatekoAutoek ez dutela ebazpena aldatzen azaldu du, hala ere, eta hark Eroski absolbitu zuen

Santiago Perez eta Francisco Javier Alvarado, Adicaeko presidentea eta koordinatzailea . ALFREDO ALDAI / EFE.
xabier martin
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bigarren auto argigarri batekin ere ez dago oso garbi egoera. Eroskiren menpeko ekarpenen aurkako lehenengo salaketa kolektiboaren ebazpenak Eroski absolbitu zuen, eta BBVA zigortu, eta Marcos Bermudez epaileak inbertsiogileen dirua bankuak itzuli behar zuela ebatzi zuen. Hori funtsezkoa da, eta arrazoi hori gailenduko da itxura batean, epaileak berak bere bigarren auto argigarrian esan ondoren autoek jatorrizko ebazpena ez dutela aldatzeko gaitasunik.

Bilboko epaileak bazterrak nahastu ditu azken egunetan, bere ebazpenaren adiera argitzen hasi denean. Aurrena, BBVAk eskatu zion nork itzuli behar zuen dirua argitzeko, nahiz eta ebazpenean garbi azaldu finantza erakundea zela zigortua, menpeko ekarpenen salmenta prozesuan ez zuelako produktua behar bezala azaldu. Otsailaren 26an Bermudezek lehen auto argigarria eman zuen, ordea, eta ezustea ere bai Eroskirentzat, ebazpenean kooperatiba absolbitu arren pagaburu egin baitzuen. Irizpidea aldatu, eta esan zuen ekarpenen inbertsiogileen dirua itzuli behar zuela Mondragon taldeko kooperatiba handienak, «ebazpenaren zeharkako ondorio gisa». Agustin Markaideren enpresak berehala jakinarazi zuen epailea bere iritzia ematen ari zela, eta auto horrek ez zuela behartzen, epailea Eroskiren eta BBVAren arteko kontu batean sartzen ari zela, eta «ezinezkoa» zela absolbitzen zuen ebazpen batek kalte egitea.

Bere bigarren auto argigarrianarrazoi eman dio epaileak Eroskiri, lerro artean bada ere. Kooperatibaren eskaerari erantzunez, Bermudezek argitu du autoek ez dutela jatorrizko ebazpena aldatzen, eta kooperatibak eta BBVAk euren artean konpondu beharko dutela bezeroen inbertsioen itzulketari dagokionez. «Euren interesei begira akordioa egin beharko dute biek, edo, bestela, dagokion epaitegien bidea hartu beharko dute», dio epaileak.

Alegia, Marcos Bermudezek argi dauka Adicae elkarteak jarritako salaketa kolektiboaren harira auzi bidean dauden 68 bezeroei euren dirua itzuli behar zaiela (ekarpenek emandako interesak ariketan sartuta), baina ez du esaten argi eta garbi nork itzuli behar duen dirua, jaulkipena egin zuenak (Eroski) edo ekarpenak merkaturatu zituenak (BBVA).

Edonola ere, bere lehen ebazpenak balio du, eta bigarren auto argigarrian ere jatorrizko idatzian Eroski absolbitzeko emandako arrazoietan sakondu du. « Kooperatiba ez da izan ekarpenen kontratuak baliogabetzeko parte», dio, « eta ondorioz, ez da absolbitu edo zigortua izan merkaturatze okerra dela eta».

Negozioazio baten hasiera?

Beraz, Bilboko epaitegiko ebazpena berretsiko balitz, BBVAk inbertsioen dirua itzuli beharko lieke bezeroei (interesak kenduta), eta gero, Eroskiri eskatu diru hori, Eroskik bailuke bezeroen ekarpen baliogabetuen jabetzak (eta dirua). Eroskik, aldi berean, BBVAri kalte-ordainak eskatzeko aukera luke, bankuak bere produktua merkaturatzeko izan duen moduak kalte egin diola ulertuko balu.

Hori gerta dadin, ordea, Marcos Bermudezen ebazpena berretsi beharko litzateke aurrena, eta zaila ematen du ekarpenen inguruko lehen salaketa kolektiboaren ebazpenak bere horretan jarraitzea, are gutxiago BBVAk jarritako helegitearen ondoren. Helegite horrek urtebete atzeratuko du behintzat behin betiko ebazpena. Salaketa jarri duenak (Adicae elkarteak) ez du ebazpena behin-behinean aplikatzea eskatu, eta, beraz, oraingoz bezeroek ez dute euren dirua berreskuratu. Bestalde, argi dago Eroskik eta BBVAk negoziatu beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.