Atzerapen handiarekin bada ere, azkenean itxi egingo dute Fessenheimeko zentral nuklearra (Alsazia, Frantzia). 2012an, orduko presidente François Hollandek agindu zuen 2016rako itxiko zutela, baina zortzi urte geroago jarriko diote giltzarrapoa, Emmanuel Macronen agintaldian.
Ostiraletik larunbaterako gauean itzaliko dute erreaktoreetako bat, eta ekainaren 30erako amatatu nahi dute bigarrena. 900 megawatteko potentzia du bakoitzak, eta gaur egun Frantziako argindar horniduraren %2 betetzen dute.
1977an ireki zuten Fessenheimeko zentrala, Rhin ibaiaren ertzean, Alemaniako mugaren beste aldean. Frantziako sareko zentralik zaharrena zen.
Indarrean dauden egitasmoen arabera, 2035era bitarte beste 12 erreaktore nuklear itxiko dituzte. Gaur egun, 58 daude, eta argindarraren %70 hornitzen dute. Asmoa da 2025erako %50etik behera jaistea, eta haien hutsunea energia iturri berriztagarriek betetzea.
Frantziako Estatuak 400 milioi euroko kalte-ordaina emango dio EDF konpainia elektrikoari Fessenheim ixteagatik. Enpresak agindu du ez duela inor kaleratuko, eta langileak beste zentral batzuetara eramango dituela.
Edoaurd Phillippe lehen ministroak esan duenez, Fessenheim ixtea «Frantziaren estrategia energetikoaren lehen etapa da», eta horren helburua da energia nuklearraren eta berriztagarrien arteko oreka bat lortzea hurrengo urteetan. Estrategia horren beste hanka bat CO2 isurketak gutxitzea da, eta, horretarako, agindu du 2022rako itxi egingo dituela ikatza erretzen duten azken lau zentral termikoak.