Edurne Urrutia
Fisioterapeuta«Greba egin dut, ez dagoelako eskubiderik gertatzen ari dena gertatzeko. Lagun bat, adibidez, lanean aritu da sei hilabetean, eta ez du ezer kobratu. Batzuetan, badirudi gosez hilko garen arte jendea ez dela mugituko».
Juan Alberto Apraiz
Hezkuntzako laguntzailea«Ezin dira onartu murrizketa hauek, ez politikoki, ez sozialki. Beraz, mobilizatu egin behar dugu, bai greba eginez, bai elkarretaratzeak edo protestak eginez. Geldirik egonda, ez dugu ezer lortuko».
Marina Perez
Osasun arloko langilea«Murrizketak behartsuenei egitearen kontra nago: osasun arloa, hezkuntza edo gizarte laguntzak murriztearen kontra. Eta osasun arloko sindikatuek ez dutela grebara deitu salatzen dut; klase pribilegiatua dirudi».
Hassan Aalia
Langabea«Militante saharar bat naiz, lurralde okupatukoa. Hamar hilabete daramatzat hemen, greba dagoela jakin dut eta egokia iruditu zait eskubideen aldeko borroka. Lan baimena badut hemen, baina lanik gabe nago».
Juan Martin Zarraga
Erretiratua«Gero eta okerrago gaude, eta artaziak prest daude zaharrentzat ere. Zerbait egin behar dugu. Beldurra ematen du datorrenak. 50 urte kotizatzen egon ondoren orain ezin bagara bizi ere egin...».
Unai Alonso
Ikertzailea«Ikertzailea naiz, EHUn, eta, azken boladan beka eta ia-ia diru iturri guztiak kendu egin dituzte. Hemen laguntza pixka bat gehiago dago, baina Espainiako Estatuan ez dago ia laguntzarik. Horregatik nago hemen».
Rikardo Padilla
Irakaslea«Goizeko mobilizazioetan egon naiz, baina gero lanera noa. Eskolan gutxieneko zerbitzuak betetzera behartzen gaituzte, eta ez nago ados; sindikatuek ez lukete onartu behar. Protesta egiteko, ez dut grebarik egingo».