Erreforma fiskala udaberrirako iragarri du Sarkozyk

Alemaniako zerga sistemaren antzekoa nahi du, bi herrialdeen arteko lehiakortasun aldeak murrizteko

Erredakzioa
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Alemaniako zerga sistema nahi du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Azken urteetan Frantziak Alemaniarekiko lehiakortasuna galdu duela deritzo, eta zerga sistema aldatzea dela galera horri buelta emateko bidea. Frantziako Gobernuak bere proposamena prest izango du datorren udaberrirako. Orduan aurkeztuko du, eta haren gainean eztabaidatzen hasiko dira alderdiak. Alemaniaren pareko sistema bat egituratzea izango da Sarkozyren helburua, bi herrialdeen arteko aldeak are gehiago handitu ez daitezen. Hala azaldu zuen atzo, France 2 telebista kateari emandako elkarrizketan.

Proposamen horrek jasoko dituen pare bat puntu aurreratzera ausartu zen Sarkozy: batetik, ondarearen gaineko zerga berri bat sortzeko asmoa azaldu zuen; bestetik, «zerga ezkutua» deritzona kentzekoa. Tresna hori 2006an sortu zuten Frantzian, Sarkozy gobernura iritsi baino urtebete lehenago egin zituzten aldaketa fiskalen baitan. Aberatsenak presio fiskal txikiago duten herrialdeetara joan ez zitezen sortu zuten araua. Izan ere, ezkutuari esker, inork ez dauka bere diru sarreren erdia baino gehiago zergak pagatzera bideratu beharrik. Sarkozy ondarearen gaineko zerga berri bat sortzearen alde azaldu zen atzo. Tasa berria errentei eta gainbalioei ezarriko litzaiekeela bai, baina nola ezarriko litzatekeen ez zuen argitu.

Enplegua gobernuaren ardatz

Gobernu berriaren lan ildo garrantzitsuenetakoa enplegua izango dela azaldu zuen Frantziako presidenteak. Batez ere gazteek kezkatzen ei dute, haiek dituztelako lan merkatura sartzeko arazorik handienak. Hori horrela, datozen hilabeteetan sarrera laguntzeko neurriak hartuko dituela jakinarazi du. Langabezia tasaren jaitsiera datorren urterako iragarri zuen.

2012ko hauteskundeez ere aritu zen Nicolas Sarkozy. Presidentetzarako hautagai gisa aurkeztuko den ala ez 2011ko udazkenean jakinaraziko duela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.