Erreforma gehiago egitearen aldeko dira Alemania eta Finlandia

Alemaniako Finantza ministroak uste du EBZk herrialdeen zorra erosteak ez dituela merkatuak lasaituko

Erredakzioa
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europako Banku Zentralak (EBZ) herrialdeen zor publikoa erosteko prest dagoela esateak lasaitasuna eragin du merkatuetan. Baina hori ez nahikoa izango egoera baretzeko. Izan ere, kontuak zuzentzeko arazoak dituzten herrialdeei erreforma gehiago egiteko eskatu diete Alemaniak eta Finlandiak.

«Merkatuak oraindik ez daude ziur euroguneak iraungo ote duen», adierazi du Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroak. Haren esanetan, erreformen bideari eusten bazaio soilik lortuko du euroguneak aurrera egiteko «konfiantza». Hori horrela, adierazi du «akats larria» izango litzatekeela EBZk hartutako erabakiarengatik —herrialdeen zor publikoa erosteagatik— «esfortzuak alde batera uztea».

Murrizketa gehiagoren eske da, era berean, Alexander Stubb Finlandiako Europako Gaietarako ministroa. Haren hitzetan, Finlandiak murrizketa programa baten bidez lortu zuen 90eko hamarkadan «krisi sakon batetik irtetea». Hala, gauza bera egiteko eskatu die zailtasunak dituzten herrialdeei. «Duela 20 urte finantza krisia zuen Finlandiak, eta Europako gaixoa zen Alemania. Orain guztiz kontrakoa gertatzen da».

Laguntza eskatzeko premia

Italiako Gobernuak ez du asmorik EBZri laguntza eskatzeko. Hori dio, behintzat, Italiako Ekonomia ministro Vittorio Grillik. Gainera, uste du azkenaldian Italiako ekonomiak «emaitza onak» izan dituela. Adierazi du halere oraindik ez daudela «pozik». Era berean, «etorkizuneko Europaren ideia» aztertzeko goi bilera bat proposatu dute Mario Monti Italiako lehen ministroak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.