Bi erreforma garrantzitsu onartu dituEspainiako Gobernuak azken hilabeteotan: lan erreforma eta pentsioen erreforma. Batak zein besteak langileen osasun egoeraren okertzea dakartela salatu dute ELAk, LABek, EHNEk, EILASek eta Hiruk. Apirilaren 28an, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunean, Bilbon manifestazioa egingo dute, aurreko urteetan ez bezala, elkarrekin.
Estatistiken arabera, iaz jaitsi egin zen lan istripuen kopurua. Sindikatuen esanetan, egoera ekonomikoa da horren arrazoia, ez neurri eraginkorrak hartu izana. Horrez gain, lan heriotzen %30 ez direla zenbatu diote, «errepide istriputzat hartu zirelako, langile autonomoek izan zituztelako eta neskameek izandako ezbehartzat hartu zirelako». Laneko gaixotasunak ere behar baino gutxiago zenbatu direla kontatu dute. Sindikatuen arabera, amiantoarena da kasurik argiena: «23 langile hil ziren amiantoarekin lan egiteagatik, baina ez dira ageri estatistika ofizialetan».
Lan segurtasunaren eta osasunaren galera erakusten duten hainbat adibide aurkitu dituzte azken hilabeteetan. «Langile askok uko egiten diote gaixotasun agiriari, lanpostuak galtzeko beldur direlako». Eta enpresak beldur horretaz baliatzen direla salatu dute. Hala, askotan ez dutela istripuen berririk ematen kontatu dute; hau da, egun batzuk libre hartzeko esaten dietela langileei, baina ez dutela laneko ezintasun prozesurik hasten, «edo beste lanpostu batzuetan jartzen dituzte». Istripuak ezkutatuta, enpresek gizarte kotizazioetan murrizketak lortu eta zenbait hobari jasotzen dituztela diote sindikatuek. Horretarako mutuen laguntza dutela gaitzetsi dute.
Behin-behinekotasuna
Erreformek egoera oker dezaketela uste dute langileen ordezkariek. Lan erreformak langileen behin-behinekotasuna eta malgutasuna sustatzen dituela gogoratu dute. «Lotura garbia dago osasun galeraren eta behin-behinekotasunaren artean».
Pentsioen erreformak ere langileen osasunari zuzenean eragiten diela diote. Erretiro adina 67 urtera atzeratzea da hark dakarren aldaketa nagusia. «Bizi-itxaropena luzatu egingo dela jartzen dute aitzakiatzat. Onartezina da: bizi-itxaropena luzatzea gauza bat da, eta oso bestelakoa epez kanpo lan egin beharko dugun urteetako eta ondorengo bizi kalitatea».
Azken istripu larria herenegun gertatu zen Euskal Herrian. Ezpeletako 36 urteko garraiolari bat hil zen, Baionan izandako ezbeharrean. «Berriro ere gogorarazi nahi dugu errepideetan lanean ari garela istripu bat izaten badugu lan istripua dela, ez errepide istripua», adierazi du Hiru sindikatuak. Elkartasuna adierazteko eta salaketa egiteko, Euskal Herriko garraiolari guztiei euren ibilgailuetan24 orduan dolu xingola jartzeko eskatu die.
Erreformek lan osasuna okertu dutela salatu du gehiengo sindikalak
Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko egunean elkarrekin egingo dute protesta Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu