ELE Bizkaiko etxeko langileen elkarteak txalotu egin du Espainiako Gobernuak onartu berri duen langile atzerritarren erregularizazio orokorra. «Etxeko langile askorentzat arnasa izango da. Askok egoera oso gogorrei urteetan eusten diete paperak lortzeko. Ondo bidean, amaitu da paperak lortzeko kaka jan beharra». Esaldi argigarri hori Isabel Otxoa ELEko kidearena da, eta elkarteak urtero egiten duen txostenaren aurkezpenean esan du.
Txostenean azaldu dute beren aholkularitzan artatzen dituzten etxeko langile egoiliarren %27,2k paperik gabe dihardutela, eta, datu hori estrapolatuz, Hego Euskal Herrian 17.000 inguru liratekeela guztira. Hainbeste izanda, logikoa da «albiste ontzat» jotzea: «Bikaina da erregularizazioa lortzeko lan kontraturik ez erakutsi behar izatea, askotan kontratua eskatzea kaleratze arrazoi bat da eta». Horrez gain, beste ñabardura bat gehitu du: «Ona da erregularizazioa ez dela sektore bakarrera mugatzen; ondorioz, paperak lortzen dituen etxeko langileak beste arlo batzuetan ere lan egin ahalko du».
Erakunde publikoei botariko loreak hortxe amaitu dira, Otxoak sektoreari eragin dioten azken lege aldaketen azterketa zorrotza egin baitu. Batetik, salatu du SEPE enplegu zerbitzua trabak jartzen ari dela langabezia diru-laguntza jasotzeko lan eginiko urte guztiak kontuan hartzea eskatzen ari diren langileei: «Erreklamatu zutenek bakarrik lortu dute, eta besteek galdu egin dute, SEPEk haiekin legez kanpo jokatu zuela onartu arren».
«Bikaina da erregularizazioa lortzeko lan kontraturik ez erakutsi behar izatea, askotan kontratua eskatzea kaleratze arrazoi bat da-eta etxeko langileentzat»
ISABEL OTXOA ELEko kidea
Elkarteak, halaber, iruzurtzat jo du etxeko langileen lan arriskuak murrizteko eta lanaldia kontrolatzeko araudiak. Lan arriskuen araudiak, besteak beste, enplegatzaileen gain jartzen du betetzeko ardura; hark zehaztu behar du lan baldintzak egokiak diren ala ez, galdetegi sinple bat betez, eta Lan Ikuskaritzak ez du bermatzen egia diren ala ez. «Arau honek ez dio errealitateari aurre egiten, ez dago prebentziorik. Edozein lanpostutan, erakundeek bermatu behar dute lan segurtasuna betetzen dela. Etxeko lanean, aldiz, ez».
Lanaldiaren kontrolaren egoera antzekoa dela azaldu du. Espainiako Lan Ministerioak lanpostu guztietan beharrezkoa dela arautu zuen, eta Lan Ikuskaritzak kontrolatu ahal izateko sistema batekin. «Guztietan ez: etxeko langileen kasuan salbuespen bat ezarri zuen. Esan zuen enplegatzailearen eta langilearen gaitasunen araberako sistema bat ezarri behar zuela». Otxoak gehitu du kontrol hori egiteko telefono aplikazio errazak daudela, eta zerbitzu publikoetako etxez etxeko langileek erabiltzen dituztela: «Guk artatu ditugun langile guztiek dute sakelakoa. Aplikazioa hamar euro dira hilabetean; ez dago arazorik hori beharrezko bilakatzeko».
Hirutik bat, paperik gabe
Kexa eta salaketa horiek isla dute ELEk urtero egiten duen ikerketa estatistikoan. Iaz 524 lagun artatu zituzten, eta ia herenek paperik gabe ziharduten. Urtero bezala, salatu dute lan baldintzen urraketa oso ohikoa dela sektorean, hala egoiliarretan —lanean diharduten etxean lo egiten dutenak—, nola kanpokoetan —ordu batzuk egiten dituztenak—. Elkarteak lan mota bakoitza aztertzen du.
Egoiliarren kasuan —258 kasu—, bakar batek ere ez zuen jaso zegokion soldata. %36 ez ziren iristen berrogei orduko lanaldiarengatik jaso beharreko gutxieneko soldatara, eta %43k 1.293 euro baino gutxiago irabazten dituzte —hamabi ordainketatan—. Deigarria da, era berean, langileen %37,6k soldata eskudirutan jaso zutela, inolako agiririk gabe.
%67
Hirurogei ordutik gorako lanaldia dutenak Etxeko langile egoiliarrek hirurogei ordurainoko lanaldia izan dezakete legez; bada, %67k muga hori igarotzen dute. Paperik gabeko langileen artean %73,5 dira muga hori igarotzen dutenak.
Lanaldiari dagokionez, egoiliarren %67,5ek 60 ordu baino gehiago egiten dute lan astean. Hori da gehienezko legezko muga. %42k bakarrik dute asteko legezko atsedena, %28,2k ez dute inolako asteko atsedenik, eta %14,4k ez dute inolako eguneko atsedenik. Lanari erreparatuta, %46,1ek gauean bi aldiz gutxienez altxatu behar izaten dute zaintzen duten pertsona artatzeko. ELEk salatu dute kolokazio agentzien artekaritza funtsezkoa dela urraketa horietan eta Lan Ikuskaritzak ez dituela kontrolatzen.
Kanpotik dihardutenen kasuan, %17,1 paperik gabeak ziren, eta eta %21,5 ez ziren iristen jardunaldi osoagatik jaso beharreko gutxieneko legezko soldatara. Hori bai, %17k bakarrik dute lanaldi osoko kontratua. Gizarte Segurantzako izen emateei dagokienez, paperdunen %80,4 erregistratuta zeuden. Hori bai, elkarteak ohartarazi du zenbat eta lanaldi motzagoa izan arau hausteak ohikoagoak direla: bost ordu baino gutxiago lan egiten dutenen %41,5ek ez dute kotizatzen.
MARI MAR PEÑA: 41 urteko kotizazioa, zortzi hilabeteko langabezia ordaina
ELE Etxeko Langileen Elkarteak Mari Mar Peña 62 urteko etxeko langile ohiaren eredua jarri du SEPEren ezina irudikatzeko. Peña bera agerraldian egon da. 41 urtez Bilbo aldean lan egin eta legez kotizatu arren, SEPEk zortzi hilabeteko langabezia ordaina aitortu zion hasieran. Zergatik? Etxeko langileentzako langabezia saria ezartzean SEPEk erabaki zuelako 2022ko urriaren aurretik eginiko kotizazioak ez zituela zenbatuko. Salaketa ugarien ondoren, irizpide hori aldatu zuen iazko azaroan, baina beren egoera salatu zutenentzat bakarrik. Horietako bat da Peña, eta otsailaren 18an du epaiketa, salaketa jarri eta urtebete baino gehiago igaro ondoren. Irabazten badu, 24 hilabeteko langabezia saria lortzeko falta zaizkion ordainketak lortuko ditu: «Zortzi hilabeteak amaitu zitzaizkidan; hartaz geroztik, diru sarrerak bermatzeko errenta eskaini zidaten. Zorionez, aurrezkiak nituen; bestela, nola bizi? Oso gogorra izan da psikologikoki. Langile normalak bagina, hau ez litzateke gertatuko».
Datu horiez gain, Otxoak sektoreko bi errealitate garratz azaleratu ditu. Batetik, enplegatzaileen eta batez ere haien familien umiliazioak asko ugaritu direla: «Trapu zaharra balira bezala tratatzen dituzte, ‘Lana ematen dizudalako pozik egon beharko zenuke’ eta halakoak entzunez». Eta, bestetik, gero eta ohikoagoak dira zahar etxeak garestiak direlako langile egoiliarra kontratatzen dutenak: «Hilean 3.000 euro ordainduta zainduaren ondarea bizkor murrizten dela ikusten dute, eta aukera merkeago bat bilatzen dute».