Autogintza gehien zabalduta dagoen lurraldeetara hedatzen jarraitzen du Erreka Plastics kooperatibak. Txinako Zhuhai hirian fabrika bat zabaldu berri du, hango merkatua, munduko handiena, bere produktuekin hornitzeko. Errekak Antzuolan (Gipuzkoa) du egoitza eta lantegi nagusia, baina lantegiak ditu Queretaron (Mexiko) eta Olomucen (Txekiar Errepublika) ere.
Zhuhai hiriko lantegia joint venture bat da, hau da, beste enpresa batekin batera eraikitako lantegi bat. Plastikozko injekzioaren arloan diharduen Txinako enpresa bat du bazkide Errekak, eta urteetako harremana du harekin. Inauguratu berri duten lantegian makina eta produkzio sistema berriak jarri dituzte, baita kudeaketa eredu aurreratua ere.
Errekak ziurtatu du Txinako fabrikarekin urrats bat egin duela aurrera autoentzako plastikozko osagaietan «erreferente» bat izateko. Hari esker, Europan eta Amerikan eskaintzen duen kalitate bera eskaini ahal izango die Txinako bezeroei ere.