Arabako erremolatxa arriskuan dago. Azken urteetan gehien ekoitzi den laboreetako bat izan da, koltzari eta patatari aurrea hartuta, baina prezioaren merkatzeak eta sektorearen gorabeherek ezbaian jarri dute haren etorkizuna. Izan ere, gero eta zailagoa zaie nekazariei produktu horri etekina atertzea, irabaziak baino kostu gehiago eragiten dizkielako. Are zailago izango zaie aurrerantzean, Azucarera enpresak erabaki baitu aurrerantzean ez duela Miranda Ebron (Burgos, Espainia) erremolatxa gehiago ehotziko, eta, hortaz, ez duela azukrea egiteko erremolatxa gehiago erosiko.
Erabakiak are sakonagoa egin du erremolatxaren bueltan aspaldian zabaldu zen krisia. Izan ere, Araban ekoizten den erremolatxa ia guztia azukrea egiteko erabiltzen da, eta, beraz, erabakiak bete-betean eragiten dio sektoreari. UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak urteak daramatza egoeraz ohartarazten, baina Javier Briñasek, sindikatuko labore horren arduradunak, neurria eman dio ohartarazpen horri: «Baliteke hau azken urtea izatea».
Briñasek azaldu du azukre enpresaren eskaeraren arabera lan egiten dutela nekazariek. Ekoizpenarekiko monopolioa du kasik Azucarerak, eta, ondorioz, enpresak berak erabakitzen ditu erremolatxak kanpaina bakoitzean izango dituen merkaturatze prezioak. Nekazariak, baina, ez daude ados, ez moduekin, ez prezioarekin. «Enpresarekin beti izan ditugu arazoak. 1990eko hamarkadan akordio bat egin genuen, prezioak adosteko, baina enpresak etetea erabaki zuen eta harrezkeroztik kontratupean egin dugu lan», adierazi du UAGAko ordezkariak.
Ez da errentagarria
British Sugar multinazionalak erosi zuen Azucarera enpresa 2008an, eta horren ondoren etorri ziren aldaketak. Geroztik, Arabako erremolatxak prezio aldakorra du. UAGAko erremolatxa arduradunak iritzi dio gutxiegi ordaintzen diela enpresak ekoizleei, eta azaldu du prezio erakargarri batean saltzen ez bada «gero eta zailagoa» izango dela produktua ekoizten jarraitzea: «Erremolatxaren jarraitutasuna kolokan jartzen ari dira».
Hain zuzen, UAGAk berak otsailean salatu zuen erremolatxaren prezioa %40 apaldu dela urtebetean. Horrek egoera muturrera eraman duela berretsi du Briñasek: «Eusko Jaurlaritzaren arabera ekoizpen kostua 43-44 euro inguruan dago, baina Azucarera enpresak 36-37 eurotan erosten digu guri. Ezinezkoa da horri eustea».
«Eusko Jaurlaritzaren arabera ekoizpen kostua 43-44 euro inguruan dago, baina Azucarera enpresak 36-37 eurotan erosten digu guri. Ezinezkoa da horri eustea»
JAVIER BRIÑAS UAGAko ordezkaria
Urtetik urtera ere behera egin du ekoitzitako hektarea kopuruak Araban: aurten, 700 bat hektarea erremolatxa ekoitzi dituzte nekazariek; duela bost urte, aldiz, 1.000 inguru ziren. Martxo-apirilean landatu zuten, eta, ondo bidean, udazkenean hasiko dira biltzen, urritik abendura bitarte. Aurten uzta atzeratuta dabilela zehaztu du Briñasek, ordea, euriteek landaketa bera atzeratu zutelako, eta ikusteko dago horrek nola eragingo dion kopuruari. Â
Diru sarrera gero eta apalagoei kostu gero handiagoa gehitu beharko diete nekazariek udazkenean, produktuaren garraioarena. Azucarerak erabaki du ekoizpena Toroko lantegian biltzea (Zamora, Espainia) eta hara eraman beharko dutelako ekoizpena, Gasteiztik 300 kilometrora, Miranda Ebrora eraman ordez —35 kilometrora—.

Enpresak esan die gastu hori bere gain hartuko duela aurten, baina ikusteko dago etorkizunean ere hala egingo ote duen. Eszeptiko samarrak dira nekazariak: «Kostuen igoera horrek eragina izango du ekoizleengan etorkizunean».
Alternatiba bila
Kezka eta ziurgabetasuna handia da nekazarien artean, eta erremolatxa ekoizteari utzi beharko ote dioten ere pentsatzen hasiak daude. «Aldundiak ere esaten digu beste produktu batean pentsatzen hasteko; sagarrondoa landatzeko edo patataren ekoizpena handitzeko, esaterako».
Ekoizpena kolpetik aldatzeak baina ez da horren erraza, kostua handia litzatekeelako nekazarientzat. «Makinak aldatu beharko genituzke, eta hori gastu handia da nekazariontzat». Nolanahi ere, ari dira pentsatze horretan, irtenbide bila, Briñasek adierazi dutenez.
Argi dute, hala ere: erremolatxari eustea da Arabako nekazarien nahia, baldin eta errentagarritasuna bermatzen badiete. Briñas: «Datorren urtean ez dakigu zer egingo dugun, baina argi dugu erremolatxa landatzearen alde apustu egin nahi dugula, erremolatxa produktu estrategikoa baita guretzat, Arabako lurrera erraz egokitzen den produktua baita».
NAFARROAN ERE azkenetan
Azukre erremolatxaren ekoizpena desagertzear egon liteke Nafarroan ere. Han ere nekazariek diote jada ez dela errentagarria labore hori ereitea, produktuaren truke ordaintzen dieten prezioa gero eta apalagoa delako eta ekoizpen kostuak gero eta handiagoak. Nafarroa erdialdean landatu izan da azken urteetan, nagusiki zereala jarri izan den lurretan. Iaz 1.200 bat hektarea landatu ziren lurralde osoan, baina aurten apenas landatu da ezer.