Errenta aitorpen bateratuak ezabatzeko aukerari buruz "gogoeta sakona" egin nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Indarrean dagoen planteamenduak emakumeak lan merkatura sartzea oztopatzen du, eta ohituraz emakumeen gain geratzen diren etxeko lanen eta zaintzaren paperak indartzen ditu", ziurtatu du diputazioak. Errenta aitorpen bateratuek familiei ematen dieten kenkarian dago gakoa. Aldundiaren arabera, kasu batzuetan emakume batzuk lan merkatura ez irtetea eragiten du.
Berez, familiari dagozkion kenkari guztiei buruzko hausnarketa abiatu nahi du Gipuzkoako Aldundiak, gaur Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak Donostian esan duenez: "Familiaren zergapetzearekin lotutakoa azterketa sakon bat abiatu behar da: tributazio bateratua, seme-alabentzako kenkaria eta abar aztertu behar dira".
Azterketa horretan genero ikuspegiak "ezinbestekoa" izan behar du, Minerren iritziz. 2011ko errenta aitorpena abiapuntutzat hartuta, Gipuzkoak egiaztatu du errentaren aldetik desberdintasun handiak daudela emakumeen eta gizonen artean. Emakumeek, batez beste, 10.950 euroko errenta aitortzen dute jarduera ekonomikoaren etekin gisa; 13.184 euro, berriz, gizonezkoek (%16,9 gehiago). Oinarri ezargarrian aldeak are handiagoak dira, %40koak: 26.193 gizonezkoek eta 15.604 andrazkoek. Kasu batean zein bestean lana da errentaren arrazoi nagusia: %79,4 emakumeek eta %84,8 gizonek.
Emakumeek lan munduan pairatzen duten egoera okerragoa da errenten arteko desberdintasun horren arrazoia, Laura Gomez Berdintasuneko zuzendariaren arabera. "Lan ordainduan emakumeen okupazio tasa gizonezkoa baino txikiagoa da, eta errenta aitorpena egiteko gutxieneko errentara iristen ez diren pertsonen artean emakume gehiago daude gizonezkoak baino. Hau da, emakumeak lanaldi partzialeko lanpostuak izaten dituzte eta, beraz, soldata txikiagoak ere prekarioagoak".