Erreserba Federaleko presidentea auzipetu du Trumpek

Jerome Powellek jakinarazi du Erreserba Federalaren egoitzaren berritze lanengatik hasi direla hura ikertzen, baina, haren ustez, AEBetako presidentearen beste mehatxu bat da, interes tasen inguruko erabakietan presio egiteko.

Donald Trump eta Jerome Powell. AEBetako presidenteak uztailean egin zuen bisita Erreserba Federalaren egoitzaren berritze lanetara. ETXE ZURIA
Donald Trump eta Jerome Powell. AEBetako presidenteak uztailean egin zuen bisita Erreserba Federalaren egoitzaren berritze lanetara. ETXE ZURIA
Irune Lasa.
2026ko urtarrilaren 12a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako Erreserba Federaleko burua auzipetu nahi du Etxe Zuriak, eta halakoak ez dira egunero gertatzen. Donald Trumpek sinestekoak ez diren goiburuak ekartzen jarraitzen du, baina oraingo honek, banku zentraleko burua deuseztatzeko mugimenduak eta Jerome Powellen beraren erantzun irmoak lurrikara handia dakarte nora eta gune oso sentikorrera, finantza merkatuetara.

AEBetako Justizia Departamentuak ikerketa kriminala abiatu du Powellen kontra, Erreserba Federalaren egoitzaren berriztatze lanengatik, haien kostua (2.500 milioi euro) ez letorkeelako bat Powellek gaiaz udan Kongresuan emandako azalpenekin.

Erreserba Federalak ostiralean jaso zuen zitazioa, Powellek berak azaldu duenez. Hain zuzen, bera izan da albistearen berri eman duena, bideo batean, eta, hitz gogorrez, «aurrekaririk gabeko ekintza hau» gaitzetsi du, eta erakundearen independentzia defenditu.

«Kontua da ea Erreserba Federalak ebidentzian eta baldintza ekonomikoetan oinarrituta jarraitu ahal izango duen interes tasak ezartzen edo, horren ordez, presio politikoak edo intimidazioak zuzenduko duen diru politika»

JEROME POWELLAEBetako Erreserba Federaleko presidentea

Powellek argi dauka Etxe Zuriaren mehatxu eta presioetan beste bat dela auzipetzea. «Mehatxu berri honek ez du zerikusirik nire ekaineko testigantzarekin, ezta Erreserba Federalaren eraikuntzen berrikuntza lanekin ere».

Tasak apaltzeko presioa

Powellen ustez, «kargu kriminalen mehatxua zeraren ondorioa da: Erreserba Federalak publikoaren onurarako gure ebaluazio onenetan oinarrituta ezartzen dituela interes tasak, eta ez presidentearen hobespenak jarraituz».

Powellek maiatzean bukatzen du bere presidente aldia, eta Etxe Zuriaren presioei aurre egiteko asmoa agertu du. «Kontua da ea Erreserba Federalak ebidentzian eta baldintza ekonomikoetan oinarrituta jarraitu ahal izango duen interes tasak ezartzen edo, horren ordez, presio politikoak edo intimidazioak zuzenduko duen diru politika».

Donald Trumpek ezin konta ahal aldiz kritikatu, mehatxatu eta gutxietsi du Powell, eta beti gauza bera leporatu dio: interes tasak goregi edukitzea. Edonola ere, azken hiru bileretan interes tasak apaldu ditu banku zentralak, %4,5etik %3,75eraino.

Ironikoki, auzipetze honen ondorioetako bat ziurrenez izango da Erreserba Federalak tasarik ez jaistea hurrengo bilkuran; areago, gerta daiteke laster tasak handitu beharra ere. Izan ere, teorian independentea den banku zentralean halako begi bistako esku hartzeak inflazioa handitzeko arriskua dakar, gauza bat baita Trumpek zer nahi duen, eta beste bat merkatuek zer aurreikusten duten, adibidez, inork kontrolatuko ez duen inflazioa epe luzean.

Presidente berria

Trumpen azken mugimendu honek beste itzal bat ere badakar Erreserba Federalera. Erakundeak gaur egun duen independentzia jar daiteke zalantzan orain ere, betiere finantza merkatu bihozgabeen onurarako lan egin duelako, gehienetan pentsamendu kapitalistaren moldaera zorrotzenetan. Baina orain horri zuzenean heldu nahi dio Trumpek.

Powellen ondorengoa nor izango den AEBetako presidenteak proposatzen du, eta, lotsarik gabeko azken maniobrak ikusita, banku zentralaren buruzagitza berriaren independentzia ere auzitan gera daiteke, eta, ondorioz, baita diru politikak behar bezala bideratzeko —inflazioaren kontrolera eta enpleguaren babesera— teorian duen sinesgarritasuna ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.