Merkatuetan finantzaketa lortzeko arazoak izan ditzaketen herrialdeei dirua mailegatzeko ahalmena 800.000 milioi eurora handitzea erabaki dute euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek, Kopenhagen. Alabaina, Grezia, Portugal eta Irlandari zuzenean mailegatutako 200.000 milioi euroak jada erabilita daude. Gainera, aurretik hiru herrialde horiei emandako beste 100.000 milioi euro adinako maileguak ere akordio horretan sartu dituzte. Horrek esan nahi du 500.000 milioi euro egongo direla prest etorkizuneko arazoei aurre egiteko. Diru hori, gainera, 2013. erdialdetik aurrera egongo da prest.
Euroguneak zor merkatuetako tentsioei aurre egiteko bi su-hesi altxatu ditu. Orain arte batik bat EFSF Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsak funtzionatu du. Hurrengo hilabeteetan, euroguneko estatukide gehienek berretsi egin behar dute abenduko azken ituna. Ondo bidean, uztailerako abian jarriko da ESM Europako Egonkortasunerako Mekanismoa. Herrialde bakoitzak funts horri egin beharreko diru ekarpena lau zatitan ordainduko da: azkeneko biak 2013ko uztailean eta 2014 hasieran izango dira. Kontuan izanda EFSFk honezkero mailegatutako diruaren zati bat ordainduta izango dutela Greziak, Irlandak eta Portugalek, Eurogunearen plana da 2013 erdirako 500.000 milioi euroak prest izatea ESMk. Bitarte horretan, EFSFk ere funtzionatuko du, eta, kalkulatzen denez, gehienez ere 240.000 milioi euro maileguan uzteko ahalmena izango du.
Nazioarteko Diru Funtsak eta G-20koek presionatuta, Europako Batzordeak Kopenhageko goi bileran nahi zuen gehienezko diru kopuru hori 740.000 milioi euro handitzea, baina Alemaniak ez du begi onez ikusi. Gehienez erreskate funtsek 500.000 milioi euro izatea inposatu du. «Europaren erabaki klasiko bat da. Alemaniako Gobernuak nahi zuen tokiraino heldu da akordioa, nahiz eta herrialde gehienentzat gutxienekoa izan», azaldu dio Reuters agentziari ING bankuko ekonomista batek.
Nahikoa izango al da? Azken finean, atzean dagoen zalantza da zer gertatuko den baldin eta zor merkatuetan arazoak dituen hurrengo herrialdea Italia edo Espainia bada. Espainiak, esaterako, 615.000 milioi euro finantzatuta ditu merkatuetan, eta uneotan funtsek ez dute nahikoa diru tamaina horretako erreskate bati aurre egiteko. Italiak ia bi bilioi zor ditu. Argudio horri heltzen diete merkatuetako operadoreek (funtsak eta bankuek) euroguneko gobernuei presio egin eta diru gehiago jartzera behartzeko. Azken finean, erreskateak eurentzat berme bat dira.
«Disuasio neurria da»
François Baroin Frantziako Finantza ministroaren ustez, bi su-hesiek helburu bikoitza dute. Batetik, espekulatzaileen jarduera mugatu nahi da. «Arlo militarrean arma nuklearrak edukitzearen parekoa da su-hesi hau arlo ekonomikoan. Disuasio neurri bat da». Bestalde, NDFrekin negoziatu nahi da prozesu horretan parte har dezan, eta, haren ustez, bide onetik doaz. Christine Lagarde NDFko buruzagiak baldintza gisa jarri du funtsa handitzea, eta orain ikusi beharko da ontzat jotzen duen hitzartutakoa.
Espainiako Gobernuaren neurriez ere hitz egin dute. Aurten defizita %8,5etik %5,3ra jaisteko aurrekontu proposamena aurkeztu du. «Espainiak arazo izateari utziko dio bai espainiarrentzat, bai EBrentzat ere», esan du Luis De Guindos Ekonomia ministro espainiarrak. Lehen begiratu batean aurrekontuek defizita hein horretan uzteko balioko dutela ziurtatu du Olli Rehn Ekonomia komisarioak.
Erreskate funtsak 800.000 milioi euroraino handitzea erabaki du euroguneak
Europako Batzordeak proposatu du 200.000 milioi euro gehiago jartzea, baina Alemaniak bere irizpidea ezarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu