Ostiralean euforia zena zalantza bihurtu zen atzo. Ostiralean bazirudien Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak iragarritako 700.000 milioi dolarreko erreskate planak (480.000 milioi euro inguru) finantza krisia konponduko zuela. Baina dirutza hori guztia (Pentagonoaren urteko aurrekontuaren adinakoa) nork eta nola banatu behar duen zehazteko orduan zalantzak sortu dira. Merkatuek ere zalantzak dituzte, eta atzo burtsa nagusiek jaitsierak izan zituzten.
AEBetako Altxorraren lege proposamenak ezer gutxi zehazten du bere bi orrietan. AEBetako Gobernuak 700.000 milioi dolar horiekin erosi egingo lituzke bankuek eta finantza erakundeek hipoteketan oinarrituta dauzkaten aktibo toxikoak. Eta Altxor Zuzendaritzari ematen dio hipotekak eta hipoteketan oinarritutako bonu kutsatuak erosteko eta kudeatzeko gaitasun guztia, ia-ia beste erakundeen eta epaitegien kontrolik gabe.
Erreskate plana AEBetako Kongresuannegoziatzen ari dira. Guztiek nabarmendu dute premiazkoa dela akordioa azkar lortzea, eta aste amaierarako lortuko dutela iragarri dute. Baina planaren definizio eta kontrol faltak zalantzak sortu dizkie Kongresuko ordezkariei: 700.000 milioi dolar diru asko delako (kopuru hori handitzeko aukera ere badago) eta bankuen eta finantza erakundeen gehiegikeriak konpontzeko dirua herritarren poltsikoetatik aterako delako.
George Bush AEBetako presidenteak eta Henry Paulson Altxor zuzendariak nabarmendu dute «plan garbia» nahi dutela. Alegia, aldaketa handirik edo baldintza askorik gabea. Bushek garbi esan zien atzo demokratei: azkar mugi daitezela eta ez dezatela tentaziorik izan baldintzak ezartzeko, «planaren eraginkortasuna murriztuko bailukete».
Hala ere, baldintza gehiago eskatu dituzte, bai demokratek, bai errepublikanoek. Baita bi alderdietako lehendakarigaiek ere, John McCain errepublikanoak eta Barack Obama demokratak. Kontrola eskatu dute.
Bi alderdiek planean baldintzak ezarri nahi dituzte Altxor Zuzendaritza gehiago kontrolatzeko, etxeen jabeei laguntza zuzenak emateko, laguntza jasoko duten erakundeetako exekutiboen soldatak edo konpentsazioak mugatzeko edota zergak ordaintzen dituzten herritarren interesak babesteko.
Errepublikanoek, esaterako, eskatu dute planak eragindako irabaziak Altxor Zuzendaritzara itzul daitezela. Demokratek, berriz,laguntza gehiago eskatu dituzte hipotekak ordaintzeko arazoak dituzten etxe jabeentzat.
Paulsonek ez du baldintzarik nahi, ordea. Haren ustez, exekutiboen konpentsazioei mugak jarriz gero, esaterako, zenbait bankuk edo finantza erakundek ez lukete planean parte hartuko.
«Ez diogu soilik 700.000 milioi dolarreko txeke zuri bat emango Wall Streeti», esan zuen Nancy Pelosi AEBetako Kongresuko presidenteak. «Gobernuaren proposamenak ez dauzka beharrezko bermeak».
AEBetatik kanpokoak ere bai
Henry Paulson AEBetako Altxor zuzendariak herenegun iragarri zuen AEBetakoak ez diren bankuek eta finantza erakundeek ere saldu ahal izango dizkiotela beren aktibo toxikoak AEBetako Gobernuari, betiere AEBetan «operazio esanguratsuak» egiten badituzte.
AEBetako Gobernuak erreskate planaren antzeko neurriak hartzeko eskatu die G-7ko gainerako herrialdeei. Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak, baina, aukera hori baztertu zuten atzo.
############
Planari baldintzak gehituz gero, haren eraginkortasuna murriztuko lukete»
george w. bush
AEBetako presidentea
«Ez diogu soilik 700.000 milioi dolarreko txeke zuri bat emango Wall Streeti»
nancy pelosi
AEBetako Kongresuko presidentea
############
Erreskate planak eragindako euforia zalantza bihurtu da AEBetan
AEBetako Gobernuak plana bere horretan onartu nahi du, baina Kongresuan baldintzak ezarri nahi dizkiote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu