Esaldia nahasi samarra da, baina badu bere mamia: «Espainiari oso baldintza gogorrak jarriko genizkioke, baina oraindik ez da unea espainiarrei haiengandik zer espero dugun azaltzeko, agian gertatu behar duena gertatu baino lehen». Jean Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministro eta eurotaldeko buruarenak dira hitzak, atzo Alemaniako Bayrisches Fernsehen telebistari egindakoak. Beste hitz batzuetan, honako hau esan nahi du euroguneko Finantza ministroen taldeko buruak: erreskatearekin batera, Espainiari defizita murrizteko neurriak inposatuko dizkiote euroguneko beste kideek, baina ez dituzte iragarriko Madrilek erreskatea eskatu arte. Espainiarrak ez beldurtzeko, agian.
Europako Banku Zentralak eta euroguneko kide gehienek horretara behartu nahi duten arren, ofizialki Espainiak oraindik ez du erabaki bere bazkideei dirua eskatuko dien ala ez. «Gauzak ongi lotuta daudenean erabakiko dugu», adierazi zuen atzo Soraya Saenz de Santamariak, Espainiako lehendakariordeak. Eta ofizialki ere, Madrilek dio Europaren erreskatea baldintzarik gabe etorriko dela. Hori bai, EBk «aholkatutako ekonomiaren egiturazko erreformak» egingo ditu, eta hilaren 28ko ministroen kontseiluan iragarriko ditu. Liberalizazioak, pribatizazioak eta neurri zentralizatzeak espero dira ordurako. Gastu edo zerbitzu sozialen murrizketarik ez dela izango, alegia.
Enkante ona Espainiarentzat
Erreskateari buruz azken erabakia hartu bitartean, EBZk merkatuetan sortutako konfiantza baliatzen ari da Espainia bere burua merkeago finantzatzeko. Atzo 4.576 milioi euro lortu zituen, apirilaz geroztiko interes txikienarekin. Hamabi hilabete barru itzuli beharrekoen truke %2,978 pagatuko du (%3,2 aurreko enkantean) eta hemezortzi hilabetekoaren truke, berriz, %3,15 (%3,45 aurrekoan). Eskaera txukuna izan zen: eskainitakoa baino 2,3 aldiz gehiago.
Atzoko enkanteak baino garrantzi handiagoa du biharkoak. Beste 4.500 milioi lortu nahi ditu, hiru eta hamar urteko bonuetan.
Erreskateak «baldintza gogorrak» izango ditu
Dirua eskatzen duen ala ez erabaki artean, bere burua merkeago finantzatzeko aukera baliatu du Espainiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu