Pentsio eta erretreta hitzak bolo-bolo dabiltza Euskal Herrian; bai iparraldean, bai hegoaldean. Espainiako Gobernuak erreforma bat aurkeztu du asteotan, eta Frantziako Gobernuek beste bat, eta horien aurkako protestak hedatu dira euskal lurraldeetan; batez ere, Ipar Euskal Herrian. Batek edo besteak eragin, LAB sindikatuko koordinatzaile Igor Arroyok uste du Euskal Herriko langileen pentsioak eta diru laguntzak «arriskuan» egongo direla Madrilen eta Parisen erabakien menpe dauden bitartean.
Horiek hala, Euskal Gizarte Segurantza bat sortzeko beharra aldarrikatu zuen atzo sindikatuak. Ekinaldi sinbolikoa egin zuen Espainiako Gizarte Segurantzak Gasteizen duen egoitzan. Plaka ofiziala ordezkatu, eta, haren ordez, Euskal Gizarte Segurantza dioena ipini zuen.
Hori lortze aldera, bi urrats proposatu ditu LABek: batetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Gizarte Segurantza bat kudeatzeko eta arautzeko ahalmena eskuratzea; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak herritar ororen pentsioak 1.080 euroraino osatzea.
Bestalde, azken urteetako murrizketak salatu dituzte, eta euskal herritar ororentzat «pentsio duin bat» aldarrikatu dute, «bai enplegua dutenentzat, bai eta aitortzarik gabeko zaintza lanetan aritu direnentzat ere».
Sindikatuak adierazi du «borrokan» jarraituko duela Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak onartutako erretretaren erreformaren aurka. Neurriaren aurkako hamargarren protesta eguna dute gaur han.