Erretreten erreforma gaitzetsi du Frantziako Asanbleak

Ebazpenak ez du legezko baliorik, baina ezkerrak espero du balio izatea jendea karrikara biltzeko. Bozka egunaz baliaturik, sindikatuek protesta egin dute Baionan, erretreten erreformaren indargabetzea eskatzeko.

Erretreten erreformaren kontrako manifestazioa, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Erretreten erreformaren kontrako manifestazioa, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko ekainaren 5a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2023ko apirilean ezarri zuten erretreten erreformaren kentzearen alde bozkatu du Frantziako Asanbleak: orotara, 198 diputatuk egin dute horren alde, eta kontra 35ek baizik ez. GDR Ezker Demokrata eta Errepublikanoa talde politikoak proposatu zuen testua, eta, orokorrean, ezkerreko diputatuak eta RN Batasun Nazionala agertu dira testuaren alde. Haien artean izan dira Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak, hots, Peio Dufau, Iñaki Etxaniz eta Colette Capdevielle.

Bi urte pasa iragan dira erretreten erreforma promulgatu zutenetik, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua baliaturik legea indarrez ezartzeko: erreformaren bidez, erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera gibelatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidentearen gobernuak, baina langile gehienek hori baino gehiago egin beharko dute lan; izan ere, 2027tik goiti pentsio osoa lortzeko baldintzetako bat izanen da bederen 43 urte lan egin izana. Oraingoan, diputatuek kontsideratu dute «premiatsua» dela lege horren «neurri erregresiboak» kentzea. Lehen aldia izan da erretreten erreformari dagokion bozka batean parte hartu ahal izan dutena.

Bozka sinbolikoa izan da, «ez-loteslea». Horrek erran nahi du ez duela balio legalik, baina iritzi politiko orokorraren biltzeko balio du. Halere, ezkerrak espero du jendea berriz karrikan biltzeko balioko duela, eta gobernua behartzeko legearen kentzera —edo, bestela, erreferendum bat egitera—. Uste dute iritzi politiko orokorrari kasurik ez egitea «demokraziaren kontrako joera bat» litzatekeela.

Aurtengo otsailean, François Bayrou Frantziako lehen ministroak gizarte eragileei agindu zien erreforma moldatuko zutela. Helburua zen 2023ko neurri hori —jendearen «gustukoa» izan ez zena— berrikustea akordio berria lortzeko bidean. Martxoan, baina, Bayrouk adierazi zuen erretreta hartu ahal izateko adina jaistearen aurka dagoela: hori dela eta, «traizioa» egin izana leporatu zion ezkerrak. Bayrouk berak abiarazi zuen akordio bat egiteko bidea, Alderdi Sozialistaren zentsurarik izan ez zedin, baina mugak fite jarri zituen azkenean. Proposamen berriaren txostena ekainaren 17an atera behar dute.

Sindikatuak, karrikan

Bozkaren egunaz baliaturik, sindikatuek mobilizatzera deitu dute. Baionan ere bildu dira CGT, FSU eta FGR FP sindikatuak, 10:30ean, manifestazioa egiteko. Oroitarazi dutenez, «2023an milioika jendek egin zuten greba erretretan sartzeko legezko adina gibelatzearen kontra». Goizean gutxiago ziren, baina argi utzi nahi izan dute aldarria bizirik dagoela.

FSU sindikatuko Clement Pottierren ustez, 2023an erabakia izan zenak «zauri demokratiko sakona» ireki zuen: «Hemen gara oroitarazteko kexua oraino bizirik dagoela». Eta kexu horren bidez aldaketak lortzea espero dute, baina, Pottierrek dioenez, hori ezinen dute lortu «nehork nahi ez duen gobernu bat indarrean izanik».  Segurtatu du karrikan egonen direla eta ez dutela ahantziko 2023an legea bortxaz ezarri zutela harik eta berriz ere «solaskide fidagarriekin politikaz mintzatzeko aukera izan arte».

CGT sindikatuko Dominique Pons iritzi berekoa da: «Erreforma hori ez du nehork nahi; bortxaz ezarri zuten». Duela bi urte jende anitz bildu zen karrikan, erreformaren kontra manifestatzeko, eta horrela segituko dutela erran du Ponsek ere. «Emaitzak berehalakoak ez izanik ere, gaia beti hor da, asanblean berriz aipatzen ari dira, bozkatzen...», adierazi du.

Eta erretreten diruztatzeko beste zenbait bide aipatu ditu, langileak gehiago lan egitera behartuko ez lituzketenak, dioenez: «Kapitala bultzatu behar da gizarte babesean parte hartzera, eta, beraz, erretreten ordaintzean. Badira beste aterabide batzuk ez dituztenak aztertu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.