Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk erretreten erreforma azaroaren 9an izenpeturik, indarrean jarria da ekainaz geroz azkarki gaitzetsiriko legea. Baina kasik lau hilabetez adierazi desadostasuna ez denez horrelaisiltzen, berriz entzunaraziko dute asteartean. Intersindikalak «erreformaren zilegitasuna gaitzetsiko» du protestak eginez Hendaiako eta Baionako herriko etxeen aitzinean, 11:00etatik 13:30era. CFDT, CGT, FSU, Unsa sindikatuek dute oraingoan deitu elkarretaratzera, CFTC, CFE-CGC, FO, Solidaires intersindikaletik atera direlako, harturiko erabakiekin desadostasunean izanki.
LAB sindikatuak ere borrokan jarraitu nahi du, «borroka ez daukagulako galdutzat», Amaia Fontang LABeko kideak azaldu duenez. Hala ere, argi dauka «nahiz oraindik borrokatzeko aukera izan» geroz eta «zailagoa» dela.
Oldartu, Erretreten Aldeko Kolektiboa eta grebalarien biltzar nagusietan biltzen diren militanteak ere bertan egonen dira, haatik, hastapeneko mezuarekin, hau da, erreformaren indargabetzea exijitzeko. Hain zuzen, Jakes Bortairu Erretreten Aldeko Kolektiboko kideak dionez, «negoziaziorik ez dugu nahi, erreformaren bertan behera uztea dugu galdatzen».
Intersindikalaren arabera, haatik, borroka hori «galdua» da, baina ez dira hainbesterako «etsipenean». Hori azaldu zuten atzo Baionako Lan Burtsan egin prentsaurrekoan. Mugimendu sozial horretarik gauza baikor bat atera dute: «Iritzi publikoa gure alde dugu», dio Mixel Larralde CFDTko idazkari nagusiak. «Zutik dagon gizarte bat» badela ikusiz, «biharkoa ez da gaurkoaren gisakoa izango».
Astearteko protesta erreforma horri mugatuko zaio, baina ondokoak berriro Soldata, enplegua, erretretak lelopean egingo direla esan du intersindikalak. Krisi ekonomikoari begira, ezberdintasunen txikitzea, sistemaren finantzaketa zuzena edota langabeziari buruz aldarrikapen eta proposamen andana bat egiteko direla uste du Alain Duzert CGTko idazkari nagusiak.
LABek ere mugimendu horri begira ondorio baikorrak atera ditu. Bereziki, «mugimendu sozialaren berrantolaketa», besteak beste, kolektiboek eraman borrokaren bidez. Hau da, Fontangen irudiko, bi sindikalismo mota dira, langileengandik hurbil direnak ala funtzionamendu piramidala dutenak. Kolektiboetan direnek adierazi dute bigarren sindikalismo mota hori ez dutela gehiago nahi.
Kolektiboak ere gogoetan
Justuki protesta eraman duten kolektiboak ere dabiltza mugimenduari eman beharreko geroaz gogoetan. Asteartean protestan egongo dira, eta ondotik erabakiko dute biltzar nagusiz. Zehazki, azaroaren 27an Ipar Euskal Herriko bi militante joango dira Naonedera (Nantes), han eginen delako borrokan diren zenbait talderen arteko biltzar nagusia. Ondotik, han adostu segida kontuan hartuz, lokalki zer jarraipen eman erabakiko dute azaroaren 30ean.
Argi da Oldartuk borrokan segituko duela, erreforma hori agertu baino lehen aktiboa zelako eta aldarrikapen anitz dituelako. Haatik, Erretreten Aldeko Kolektiboak du haren bilakaera argitu beharko, erreforma horren aurka borrokatzeko zelako osatu. Dena den, «formak eta erritmoak aldatuko dira, baina segituko dugu», dio Jakes Bortairuk.
Erretreten erreformaren zilegitasuna gaitzetsiko du intersindikalak asteartean
Oldartu eta Erretreten Aldeko Kolektiboa ere bertan egongo dira erreforma hori indargabetzea exijitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu