Itsasoko energia eolikoaren aukera. Elkarrizketa. Jose Luis Villate. Tecnaliako itsas energia berriztagarrien saileko zuzendaria

«Erronka ingurunea da: korrosioa eta olatuak»

Euskal kostaldean itsasoko haize errotak ikusiko dituela sinetsita dago Villate, baina 2030eko hamarkadarako iragarri du mundu mailako zabalkunde handia. Lehen probetan espero baino ekoizpen emaitza hobeak lortu direla nabarmendu du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zamudio
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Portugaletekoa da Jose Luis Villate (Bizkaia, 1968), eta gustura ikusiko luke energia sorgailu eolikoen oinarri flotagarriak nola pasatzen diren Bizkaiko Zubiaren azpitik. Energia eolikoko itsas parke handiak etorkizun geldiezina direla uste du, baina baita pauso garrantzitsuak orain ematen ari direla ere. Zientzia Fisikoetan lizentziatua da, eta gaiari buruz hitz egiteko ahots aproposa da harena: harro mintzo da Tecnaliak sektorean eginiko bideaz.

Duela gutxi arte, itsasoko parke eolikoak fotomuntaketak ziren. Errealitate bihurtu al dira dagoeneko?

Bai, itsas zabaleko energia eolikoa maila handiko errealitate eta negozio iturri da dagoeneko. Europan milaka sorgailu daude jarrita; hori bai, sakonera txikiko uretan: 30 metro, 50 metro... Iparraldeko Itsasoan daude gehienak. Lehenbizikoak 1990eko hamarkadan jarri zituzten, eta garatuz joan dira. Benetako negozio bat den zantzurik argiena sartuta dauden enpresen tamaina da. Euskal Herrian, esaterako, Iberdrola eta Siemens Gamesa ditugu, liderrak biak.

Sektorearen jauzi kualitatiboa itsasoko haize errotekin iritsi da.

Ados nago. Azpiegitura flotagarriekin, askoz leku gehiagotan jar daitezke sorgailuak. Orain arte Europako teknologia Iparraldeko Itsasoan garatu bada, kostaldetik urrunduta ere sakonera txikiko itsasoa delako da. Kostaldetik 300 kilometrora egonagatik, 30 metro inguruko sakonera du, eta errotak itsas azpiko lurrean iltzatu daitezke. Sakonera handiagoko uretan, berriz, teknologia horrek ez du balio, eta gailu flotagarriak garatzen hasi dira. Horrela, itsas eremu gehiagotan baliatu daiteke haizearen indarra, eta batez ere haize gehiago eta egonkorragoa dagoen eremuetan. Horrek, era berean, sorgailuen tamaina handitzeko modua eman du. Lurreko sorgailuek lau edo bost MWeko energia sortzen dute, eta itsasokoek, berriz, hamabosteko neurketak ere eman dituzte. Gainera, itsasoan haize errotak jartzea lur gainean baino askoz merkeagoa da.

Euskal industria leporaino sartu da sektorean.

Euskal Herrian itsasoko energia eolikoaren hornikuntza katearen ia %100 aurki daiteke. Batetik, aurretik energia eolikoan ari ziren enpresak ditugu. Bestetik, ontzi- gintza ere ezagutzen dugu, eta aukera ona da sektore tradizionalean negozioa aurkitzea kostatzen ari zaien ontziolentzat. Horri gehitu beharko zaio osagai elektrikoen sektorea, funtsezkoa. Eta, noski, altzairutegiak ere bai.

Zuei, Tecnalian, zer eskatzen dizuete enpresek?

Batzuetan, erronka tekniko teknologikoak ezagutzea. Adibidez, zer baldintza ditu itsasoko haizeak palak diseinatzeko garaian? Enpresek ondo ezagutzen dute lur gaineko energia eolikoa, baina itsas zabalekoak beste ezaugarri batzuk ditu, batez ere olatuek ere eragiten dietelako. Ezagutza hori eskaintzen dugu, itsas zabaleko sistemen dinamika. Hori alde bat da, eta bestea ingurune berriaren baldintzen eragina da: korrosioa, herdoila, hezetasuna...

Patente batzuk ere badituzue.

Jakinduriaz gain, konponbideak eskaintzen saiatzen ari gara. Nautilus plataforma flotagarria garatu genuen, hainbat euskal enpresarekin partzuergo bat eginez, eta Subsea 7 Ingalaterrako enpresa egitasmoan sartu da. Hura mundu mailako liderretako bat da. Nautilus mugarri bat izan da Tecnaliarentzat. Baina ez da bakarra; esaterako, Ditrel deitzen den Gasteizko enpresa batekin lanean ari gara. Ur azpiko konexio elektrikoko sistema bat patentatu dugu, eta enpresa horren esku utzi dugu. Beste patente bat ere badugu, kablea zabaltzeko urpeko robota. Kable elektrikoen loturari buelta asko ematen dizkiogu, estatistiken arabera kable elektrikoa delako gehien kale egiten duen elementua.

Kablea da ahulgunea, beraz?

Ahulguneetako bat. Aseguru konpainien arabera, gorabehera parte gehien eragiten dituen elementua da. Pentsa, haize errotak kableekin lotuta daude, gero subestaziora doaz, eta handik, lurrera. Eta hori guztia, itsas zabalean.

Itsasoak dena baldintzatzen du.

Bai. Erronka ingurunea da: korrosioa eta olatuak. Olaturik ez balego eta herdoila hain larria ez balitz, garapena lurreko energia eolikoa bezalakoa litzateke. Olatuek karga handia igortzen diete elementuei: kableei, konexioei, dorreari, barruan dauden osagai elektrikoei... Olatuek etengabe jotzen dute azpiegitura. Probak, haizearengatik bainoago, olatuengatik egiten dira. Sorgailua azpiegitura egonkorra izatea lortu behar duzu, eta ahalik eta gutxien mugitzea. Pentsa, 300 metroko egitura bat hamar metro gora eta behera... Bada, itsaso-ingeniaritza hain dago garatuta, sorgailuak ia ez baitu nozitu ere egiten. Horregatik, Nautilusen entseguak egitean, maketarekin, hogei metroko olatuak simulatzen genituen.

Zenbateraino dago ikertuta itsasoko haize erroten teknologia?

Lehenbiziko sorgailua Norvegian jarri zuten. Equinorrek eraiki zuen, herrialdeko petrolio enpresa nazionalak. Gero, AEBetako enpresa batek prototipo bat jarri zuen Portugalen, eta horiek bidea ireki zieten lehen bi parkeei: bat Eskozian dago, eta bestea, Portugalen. Batek bost haize errota ditu, eta besteak, hiru. Haien emaitzak aztertzen ari dira, eta datuek diote energia ekoizpena espero zen baino handiagoa dela. Datuak oso onak dira: lurreko edo itsas gaineko haize errota finkoek baino %20-30 energia gehiago sortzen dute. Arazoei dagokienez, berriz, ikusten ari dira egitura flotagarrietan kableak ere asko mugitzen direla; beraz, kable dinamikoak behar dira. Haize erroten kableek ikerketa handia eskatuko dute hurrengo urteetan.

Noizko orokortuko dira itsas zabaleko parkeak?

Hamarkada honetan garapen prozesu bat egongo da, baina ez zabalkunde oso handirik. Nire ustez, jauzi kualitatiboa 2030-2040ko hamarkadan iritsiko da. Hamarkada honetan, mundu guztian jarriko dira abian proiektuak, baina agian energia eoliko guztiaren %1 sortuko da bakarrik itsas zabalean. Egitasmo pila bat daude aztergai: AEBetan, Taiwanen, Vietnamen... baina sorkuntza elektrikoaren inpaktua hurrengo hamarkadan iritsiko da.

Euskal kostaldean egongo al da haize errotarik?

Nik baietz uste dut. Saitec enpresak dagoeneko aurkeztu du Geroa egitasmoa. Lehenbizi haize errota prototipo bat jarriko du Armintzan [Bizkaia], ondo bidean hurrengo urtean. Eta gero, urte batzuk barru, hiru errota jarriko ditu zona berean, baina pixka bat urrunago. Hamabost MWekoak izan daitezke, handietakoak alegia, 150 edo 200 metroko diametrokoak. Beraz, ikusiko al ditugu? Baietz dioen euskal enpresa bat dago, eta hasi ditu baimenak lortzeko tramiteak.

Toki aproposa al da euskal kostaldea?

Muga batzuk daude. Batetik, sakonera, kostaldetik pixka bat urrundu bezain laster asko handitzen delako; eta, bestetik, haizearen abiadura. Gure haize lekuak interesgarriak dira, baina, esaterako, Galizian haize biziagoa dute. Toki bat aztertzean, ufaden abiadura neurtzen dute lehenbizi, eta gero, haize hori erregularra den ala ez. Euskal Herria agian ez da tokirik onena hasteko, baina bai teknologia probatzeko.

Logistika ere buruhauste handia izango da, ezta? Palek, dorreek... toki handia eskatzen dute: 50 metroko eraikin baten tamaina dute.

Bai, logistikak eta muntaketak. Arazo handia da, baina alde teknikotik ez zait zaila iruditzen: gizakiak arazo zailagoak konpondu ditu. Itsas zabaleko errotetan ez dago garapena eragotzi dezakeen jakinduria mailako trabarik. Mugak dira leku aproposa aurkitzea, osagaien tamaina, finantzaketa...Beste buruhauste bat ainguratzea izango da, batez ere sakonera handiko kokaguneetan. Nola? Kateekin bakarrik? Kateak eta beste material batzuk? Lehengaiek itsasoan izango duten jokaera ikertu behar dugu, horrelako haize errota batek 20, 25 edo 30 bat urte iraun beharko duelako, betiere ekaitz handirik ez badago.

Errota erraldoiak lur lehorrean muntatzen dira, ala itsasoan?

Haize errota finkoak itsasoan eraikitzen dira. Flotagarriak, aldiz, teknologiaren arabera. Sakonera txikiko tokietan lurrera finkatzeko ahalmena duen garabiontzi batekin eraikitzen dira. Zein da arazoa? Sakonera handiko itsasoetan ontzi horiek ez direla bideragarriak. Errota flotagarrien abantaila oinarria da, ez delako hondoratzen; beraz, asmoa da hura ontziola batean eraikitzea eta beste guztia portuan lotzea: dorrea eta turbina. Gero, ontzi batekin itsas zabalera eramaten duzu, eta kokagunean kateak eta kableak lotzen dizkiozu.

Industria horrek kostaldean behar du, beraz.

Bai. Logikoena da palak portutik gertu eraikitzea, hain pieza handiak lurretik garraiatu behar ez izateko. Eolikoen ferietan postu asko daude lursailak eskaintzen. Urrunago joan gabe, Haizea Wind Bilboko portuan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.