Unai Martinez ELA sindikatuko kideak Euskadi irratian adierazi duenez, erabat harrigarria da gertatu dena. "Azkeneko bi hiru egunetan enpresak behin behineko kontratua duten langileei kaleratze gutunak igorri dizkiete eta orduan gaur etorri dira beren finikitoa jasotzera. Langile horiek finikitoa jasotzeko eskubidea daukate, baina Hoteleko arduradunek ez diete sartzen utzi eta esan die mementoz ez dietela finikitoa emango", azpimarratu du.
Hala, Hotelaren sarreran eseri dira langileak "modu lasai" batean eta Ertzaintza oldartu egin zaie. "Finikitoa jasotzera etorri dira eta Ertzain-etxean amaitu dute. Ez dauka batere zentzurik gaur hemen gertatu denak", esan du Martinezek. Langileek jarrera berarekin jarraituko dutela azpimarratu du ELAko kideak. "Guk negoziazio serio bat hasi nahi dugu eta gatazka hau ahalik eta azkarren bukatu, baina multinazionalak ez du hitz egin nahi. Jendeak oso kolpe gogorra hartu du eta egoera nahiko tamalgarria da", gaineratu du.
Lan-gatazkak