PETROLIOA ETA ERREGAIAK

Eskasiaren beldur, petrolioak marka historikoa lortu du

Londresko merkatuan Brent petrolioak 47 dolarrak gainditu ditu upeleko, eta New Yorken Texas upela 51,30 dolarrera ailegatu da

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Petrolioak ez du su-etenik eskaintzen. Etorkizunean petrolio hornikuntza faltako ote den beldur, Brent upelaren prezioak berriro goia jo zuen atzo Londresko merkatuan. Une batez, upelaren azaroko kontratuak 47,15 dolarretara iritsi eta 47,13 dolarretan amaitu zuen. Texas petrolio upelak 50 dolarrak gainditu zituen eta 51,30 dolarretaraino ere iritsi zen. Bi kasuetan inoizko preziorik handienak izan ziren atzokoak.

Estatu Batuak dira petrolio merkatuetako salerosleen kezka iturri nagusietako bat. Ivan urakana igaro zenetik hiru aste pasa dira eta Mexiko Golkoko ekoizpenaren %30 (eguneko 480.000 upel inguru) bere onera itzuli ezinik dabiltza konpainiak. PIRA energia arloko aholkularitza etxeak kalkulatu du 40 milioi petrolio eta gas upel adinako ekoizpena galdu dela ekaitz tropikalaren ondorioz.

Horri gaineratu behar zaio petrolio inbentarioak maila apaletan aurkitzen direla Estatu Batuetan eta negua gainera datorrela. Urtaro horretan berogailuek gasolio gehien kontsumitzen dute eta hornikuntza falta egongo ote den beldur dira merkatuak. Gasolioaren stock-ak 800.000 upeletan gutxitu direla kalkulatu dute adituek.

«Ivan urakanaren aurreko egoerara itzultzeko AEBetako produkzioa motel doa. Negua ate jotzear denean, jendea kezkatuta dago petrolioaren eta destilatutako produktuen erreserbak maila apaletan direlako», azaldu zuen atzo Tetsu Emori Mitsui Bussan etxeko adituak.Nigerian egoera baretu egin da apur bat. Aurreko egunetan Niger Deltako Boluntarioen Indarrak gobernuaren aurka altxatu zen, eta ekoizpena eten eta langileak erretiratzeko mehatxu egin zieten eremu horretan lan egiten duten Shell edo Agip bezalako konpainiei. Atzo, ordea, behin-behineko su etena itundu zuten gobernuarekin. Hala ere, merkatuak kezkatuta daude egunean 2,3 milioi upel ekoizten dituen herrialdean arazoak berriro eztanda egin dezakeelako. Zeharka, Irakera begira daude, oliobide eta azpiegituren aurkako erasoak ohikoak baitira: «Nigerian eta Iraken gertatzen dena gertutik jarraitzen du jendeak. LPEEren produkzio ahalmena gainezka egitera doanean, Irak edo Nigeriako esportazioak geldituz gero, hornikuntzaren eta eskariaren arteko balantza desorekatu egingo da. Oso egoera arriskutsua da», ohartarazi zuen Tetsu Emorik.Egiturazko arrazoi horiez gain, espekulatzaileen jarduera kontuan hartzekoa da. Adituen arabera, petrolioaren merkataritzarekin zerikusirik ez duten inbertsiogileak kontratuak erosten jarraitzen dute, nahiz eta prezioak inoiz baino garestiago egon. BIS Nazioarteko Ordainketen Bankuak duela gutxi emandako datuen arabera, New Yorkeko kontratuen %37 inguru espekulatzaileen esku daude eta euren jarduera handitu egin da urtean zehar.

Ekonomiaren hobekuntza, petrolioaren menpe

Europako Batzordeak euroaren eremuko ekonomiaren gaineko txosten ekonomikoa kaleratu zuen atzo. Bruselaren arabera, etorkizunean ekonomia hobetu ahal izatea petrolioaren prezioen menpe egongo da hein handi batean.

Batzordearen iritziz, lehen sei hilabeteetan «espero baino azkarrago» hazi da ekonomia, baina «ez dago pozerako tarterik». Petrolioaz gain, enpleguaren hazkuntza geldoak eta kontsumitzaileen konfiantza apalak baldintzatzen ari dira ekonomiaren bilakaera. Bestetik, Europako Batzordea kezkatuta agertu zen familien zorpetzea handitu egin delako eta «kontsumo pribatuaren gain ondorioak» izan ditzakeelako. Zorpetzea ez da «bereziki handia», nahiz eta estatu kideen arteak aldeak oso handiak diren. Interes tasen igoeren aurrean, sendiak geroz eta«ahulagoak» direla ohartarazi zuen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.